Sare sozialei eta pornografiari buruzko hitzaldia izango da ekainaren 6an

Barren.eus 2022ko mai. 26a, 09:27

Sare sozialek eta pornografiak gazteen garapenean duten eraginari buruzko hitzaldia antolatu dute Elgoibarko Udalak eta Emoki elkarteak. Izena eman behar da.

Gazteei, familiei eta profesionalei informazioa ematearen garrantziaz jabetuta antolatu dutela hitzaldia azaldu dute antolatzaileek; Elgoibarko Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Saila eta Emoki elkartea. Harreman-ingurune fisiko eta digitalean ongizate integrala sustatzen diharduen elkartea da Emoki.

Berdinak al dira sare sozialen bidez sortzen eta garatzen diren harremanak? Nolakoa da pornografiaren eragina erotikan? galdera horiei eta antzerakoei erantzuten saiatuko dira Elgoibarren egingo duten solasaldian.

Hitzaldia ekainaren 6an izango da, 17:30ean, Kultur Etxeko sotoan. Gaztelaniaz izango da.
Izen-emateak zabalik daude, eta interesatuek 943 741 050 telefonoan edo gazteria@elgoibar.eus helbidean eman dezakete parte hartzeko izen ematea.