Elgoibarko Udalak, maiatzaren hasieran, aholkularitza-zerbitzu bat jarri zuen martxan Lila Emakumeen Etxean, zaintzaren eta etxearen arloan lan egiten duten pertsonentzako zerbitzua. Helburua da kolektibo horri aholkuak ematea lan-baldintzen, prestakuntzaren eta abarren arloan, haien egoera hobetzeko.
Arreta-zerbitzua aurrez aurre ematen dute Lila Emakumeen Etxean, hileko azken astelehenean. Bigarren saioa emango dute gaur, hilak 30, 16:00etatik 19:00etara bitartean. Aurrez aurreko arretarako hitzordua eskatu beharko da: telefonoz 688 640 983 edo e-mailez elgoibarzaintza@gmail.com helbidean.
Lan-eskubideei eta laguntzari buruzko orientazioa
Aholkularitza zerbitzuaren bidez, Elgoibarko Udalak egoera ahulean dagoen kolektibo hori "erdigunean" jarri nahi du eta bere egoera hobetu, laguntza eskainiz. Horretarako, etxeko eta zaintzako langileei lan-eskubideei buruzko orientazioa eta aholkularitza eskainiko die, eta izan ditzaketen prestakuntza-beharrizanetan ere lagunduko die. Bitartekotza eta aholkularitza eskainiko dira gizarteratzearen eta laneratzearen arloan, eta laguntza berezia emango zaie enplegagarritasun-maila txikiena eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiena duten pertsonei.
Aholkularitza-zerbitzua Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin koordinatzen du, eta, beraz, beharren arabera, erabiltzaileak hainbat zerbitzutara bideratu ahal izango dituzte.
∞Lotura duten albisteak: