Pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ostean, joan den zapatuan egin zuten berriro ere Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatzen duen Igerikta Eguna. Igerilekuak handitu zituztenetik aurrenekoa izan da gainera. Txikienentzako jolasak prestatu zituzten igeriketa taldekoek, eta koskortuagoentzak hainbat proba antolatu zituzten.
Antolatzaileek "balorazio oso ona" egin dute. "Haur kopuru handiak hartu zuen parte, eta ikastetxeei eskerrak eman nahi dizkiegu, eskola-umeak parte hartzera animatzeagatik. Lehen aldiz antolatu dugu horrelako ekimen bat igerileku berrian eta primeran irten zen dena. Haurrek uretan gozatzeko aukera izan zuten", esan dute. Aurtengo Igeriketa Egunak sei eta hamalau urte bitarteko 150 umetik gora batu zituen, bi txandatan banatuta.
Igeriketa eskolako kideek erakustaldia eman zuten, estilo desberdinak menperatzeko egiten duten lana ezagutzera emateko. Gainerakoek 25 eta 50 metroko probetan parte hartzeko aukera izan zuten, "nahi zuten eran". Askorentzat lehendabiziko aldia izan zen arren, gustura ibili zirela azaldu dute Igeriketa taldeko arduradunek. Froga bakoitzaren ondoren igerileku zaharrean eta txikian jolasean aritzeko aukera izan zuten txikienek.
Argazkiak: J.R. Cabrera (breracid)