Senior emakumeen Gaurve Asesores taldeak jardunaldi bat jokatzeko faltan lortu du Gipuzkoako Kopa irabaztea. Elgoibartarrek Aiala Zarautz, Ereintza, Bera Bera, Egia eta Aloña Mendi taldeak izan dituzte aurkari eta lehen lau jardunaldietako partidak irabazi ostean, eurena da titulua, matematikoki. Asteburuan Egia Petritegi taldeari 27-39 irabazi zioten Donostian. Gaurvekoek Bera Bera taldearen aurka jokatuko dute denboraldiko azken partida, asteburuan, Olaizaga kiroldegian.
Era berean, Alcorta Forging Group senior gizonen lehen taldeak ere irabazi du Gipuzkoako Kopa. Usurbil menderatu zuten finalean, 30-21ko emaitzarekin, joan den domekan Zumaiako Lubaki kiroldegian jokatu zuten neurketan.
Kadete nesken Salento Gelati Elgoibar taldeak ere egun eta leku berean jokatu zuen Gipuzkoako Kopako finala: domekan, Zumaian. Sanloko taldeak Aiala Zarautz taldea izan zuen aurkari finalean eta 17-15 irabazi zuten zarauztarrek.
Jubenil mailako Euskal Ligan jokatzen duen Sanloko CIMDE taldeak ere duela pare bat asteburu irabazi zuen Gipuzkoako Kopa Txapelketa, finalean Eibar taldeari irabazita. Honenbestez, Sanloko hiru taldek irabazi dute Gipuzkoako Kopa eta txapeldunorde izan da laugarren talde bat.
Azkenik kadete nesken Neurri taldeak Gipuzkoako B Liga txapelketa irabazi du.
• Sanlo Festa
Azken garaipenok eta denboraldi osoan egin duten lana bazkari baten bueltan ospatuko dute Sanlo familia osatzen duten lagun guztiek: jokalari, entrenatzaile, ordezkari, zuzendaritzako kide, guraso eta gainerakoek. Ekainaren 25erako antolatu duten Sanlo Festan izango da. Bazkalostean denboraldiko jokalari aipagarrienei oroigarriak banatuko dizkiete, eta dantza eta musikarekin esango diote agur denboraldiari. Jokalariek eta entrenatzaileek ez dute bazkaria ordaindu beharko. Gainerakoek, bai: 22 euro helduek eta 12 euro umeek. Plaza kopurua mugatua denez, ekainaren 16rako izena eman behar dute jokalariek eta entrenatzaileek, eta gainerakoek ordainketa egin. Informazio osoagoa eta izena emateko: https://sanlo.net