Aste barruan egongo da zabalik. Gehienez hamar lagunentzako lekua egongo da, eta mahai bakoitzak ordenagailuarentzako karga-puntua eta wifi konexioa izango ditu. Ikasgelak honako ordutegia izango du: 8:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. Hala ere, Udaletik jakinarazi dute erabileraren arabera ordutegia zabaltzeko aukera egongo dela.
Albiste horren harira prentsa-oharra argitaratu du EHBilduk. Oharrean diote eskertzen dutela eskaera aintzat hartu izana, baina halako ekimen bat martxan jartzeko, lehenengo interesa duen jendearekin jarri behar dela harremanetan, "zerbitzua euren beharretara ahalik eta gehien egokitzeko", eta ez dutela hori egin denaren konstantziarik. Era berean, hamar mahai baino gehiago beharko liratekeela ere azpimarratu dute eta zerbitzua 14 urtez gorakoentzako izan beharrean 12 urtez gorakoentzat izan beharko litzatekeela. Azkenik, zerbitzua udaletxea zabalik dagoen orduetara mugatzea ez dute ondo ikusten EH Bildun: "formula flexibleagoak bilatu beharko lirateke, ikasle desberdinen beharretara egokitzeko".