Espainiako Senior mailako eskubaloi selekzioak, -“Guerreras” taldeak-, Mediterraneoko Jokoetan hartuko du parte uda honetan. Aljeriako Oran hirian jokatuko dira jokoak, ekainaren 29tik uztailaren 6ra bitartean. Egungo txapelduna da Espainiako taldea, urrea irabazi baitzuen 2018an Tarragonan jokatu zituzten Mediterraneoko Jokoetan. Hortaz, Europako Txapelketa joakatzeko sailkapena lortu ostean, tituluari eustera joango dira Aljeriara. Jose Ignacio Prades hautatzaileak hamasei jokalari deitu ditu txapelketa horretan parte hartzeko, eta horien artean da Bera Bera taldeko jokalaria den June Loidi (Elgoibar, 2000). Hainbat jokalari estreinakoz arituko dira Espainiako selekzioarekin: Alba Spugnini, Maria Gomes, Elena Cuadrado, Maddi Aalla, Sara Valero eta Elba Alvarez. Horiekin batera esperientzia handiko jokalariek osatzen dute deialdia, Carmen Campos, Kaba Gassama edo Paula Valdivia moduko jokalariek 30 partidatik gora jokatu baitituzte Espainiako selekzioarekin.
Taldeak Kantabrian hasiko du Mediterraneoko Jokoetarako prestaketa, ekainaren 13tik 18ra bitartean. Madrilen jarraituko dute prestaketarekin hilaren 23an; eta, 26an bidaiatuko dute Oranera. Prades hautatzaileak esan du jokalarien lehiakortasun maila neurtzeko txapelketa "ezin hobea" izango dela Aljeriakoa, datorren azaroan jokatzekoak diren Europako Txapelketari begira, eta baita jokalari gazteak nola moldatzen diren ikusteko ere. Espainiak Tunez, Kroazia eta etxeko taldea, Aljeria, izango ditu aurkari Mediterraneoko Jokoetako lehen fasean.
• Urruzola, Suitzara
Era berean, 'Hispanos Junior' eskubaloi selekzioak Portugalen jokatuko duten Europako Txapelketa prestatzeari ekin dio, eta horretarako lagunarteko nazioarteko txapelketa bat jokatuko dute Suitzako Kloten hirian, ekainaren 24tik 26ra bitartean. Gizonezkoen junior mailako lau selekzio lehiatuko dira Airport Trophy izeneko txapelketan: Suitza, Espainia, Alemania eta Frantzia. Espainiako hautatzaile Rodrigo Reñonesek 18 jokalari deitu ditu, eta horien artean da Julen Urruzola (Elgoibar, 2002). Elgoibartarrak aurpegi ezagunekin egingo du topo selekzioan, Bidasoa Irun taldean taldekide dituen beste lau jokalari deitu baiditu Reñonesek. Hautatzaileak nabarmendu du deialdian sartu dituen hamahiru jokalarik "kalitatezko minutuak" jokatzen ari direla Asobal Ligako euren taldeetan, eta garapen handia izaten ari direla. "Europako txapelketara sasoi betean ailegatu nahi dugu eta ongi etorriko zaigu Suitzako torneo hau, batez ere Alemania edo Frantzia moduko goi mailako bi talderen aurka jokatuko dugulako", esan du. Ekainaren 24an jokatuko du Espainiak Alemaniaren aurka (18:00), ekainaren 25ean Suitzaren aurka (19:15) eta ekainaren 26an Frantziaren aurka (11:00).