Azken asteetan heriotzaren inguruko hainbat jarduera egin dituzte Gipuzkoako sei herritan -tartean Elgoibarren-, heriotza bizitzaren parte den prozesu naturaltzat hartzen ikasteko helburuarekin. Bihotzetik elkarteak sustatutako ekimenaren barruan 42 saio eskaini dituzte, eta 'Bizitzen ikastea, hiltzen ikastea' izenburua duen hitzaldia izango da Elgoibarren emango duten azkena.
Belen Capape Abosek gidatuko du siolasaldia, eguen honetan, ekainaren 9an, Elgoibarko Kultur Etxean. 18:30ean hasiko da saioa. Doakoa den arren, izena eman behar da parte hartzeko. Deitu edo idatzi mezua honako telefono zenbakira: 656 748 391
Gaur egungo gizartean heriotzaren gaia tabua dela uste dute ekimenaren antolatzaileek, eta horrek ezinezko egiten duela bizitzaren parte den prozesu naturaltzat hartzea. "Maite dugun pertsona baten heriotzagatik mina sentitzea zerbait naturala da, baina gure gizartean, sarritan, min hori sufrimendu bihurtzen da, depresio, frustrazio, erru sentipen, hutsune, motibazio falta, segurtasun falta... Ez baikaude prestatuta heriotzari aurre egiteko; areago, ezta heriotzaz hitz egiteko ere". Hori dela eta, bizitzako azken uneak, dolua eta galerak naturalizatzeko eta humanizatzeko helburuarekin, Bihotzetik Elkarrekin Eraiki ekimena jarri dute martxan.