Maite Maiorak laugarren egin du Hochkönig Skyrace mendi lasterketan, Austrian

Barren.eus 2022ko eka. 8a, 17:01

Skyrunner World Series txapelketako hirugarren proba jokatu zuten asteburuan Austrian, Hochkönig Skyrace mendi lasterketa. Podiumetik zazpi segundora geratu zen Maite Maiora.

Christian Mathys suitzarra eta Marcela Vasinova txekiarra izan ziren azkarrenak Austrian jokatutako lasterketan. 32 kilometroko ibilbide gogor eta teknikoa osatu behar zuten parte hartzaileek Maria Alm hiritik abiatu zen Hochkönig Skyrace mendi lasterketan. Emakumezkoetan Skyrunning txapelketako egungo munduko txapelduna gailendu zen, nagusitasunez. Marcela Vasinovak 4 ordu, 13 minutu eta 6 segundoko denbora egin zuen. Rosanna Buchauer (4.22:55) alemaniarrak egin zuen bigarren eta Iris Pessey (4.27:44) frantziarrak hirugarren. Maite Maiorak (Raidlight) eskura izan zuen hirugarren postua, Pesseyrengandik zortzi segundora helmugaratu baitzen. Maiorak azaldu duenez, lasterketaren lehen zatian elkarrekin joan ziren bigarrengotik bosgarren sailkatura artekoak, baina atzean gelditzen hasi zen gero eta abantaila hartu zioten. "Bosgarren postuan nengoela podiumera igoteko borokari ekin nion, eta proba amaitzeko kilometro baten faltan aurreratu nuen laugarren zihoana. Helmuga gurutzatutakoan jakin nuen hirugarrena ni heldu aurretxoan iritsi zela".

 • Munduko Kopako finalerako sailkatua
Edonola ere, emaitza honi esker, munduko Skyrunning Kopako finalerako sailkatzea lortu du. Aurten, gainera, etxean jokatuko du finala, Zeanurin (Bizkaia) jokatzen den Gorbeia Suzien probak skyrunning modalitateko Munduko Kopako finala hartuko baitu 2022ko urriaren 8an. Mendi-lasterketen espezialitate honetako 40 atleta onenak lehiatuko dira ISF (Nazioarteko Skyrunning Federazioa) erakundeak antolatzen duen txapelketako final handian.
Skyrunner World Series txapelketako proba gehiagotan lehiatzeko asmoa du Maiorak aurtengorako. Horretarako, Kanada, Andorra eta Suitzara bidaiatuko du, herrialde horietan jokatuko dituzten probetan parte hartzeko. Zirkuituko estreinako proban ere lehiatu zen, joan den maiatzaren 8an, Frantziako alpeetan egiten duten Skyrace des Matheysins lasterketan antxitxika egin baitzuen. Ez zen uste zuen moduan ibili, gaixo zegoela eta oso gaizki pasa baitzuen.

2022 06 05 maite maiora austria josu juaristi