Elgoibarko Izarrak eta Udalak sustatzen dute ‘Euskarara Hurbiltzen’ egitasmoa, eta helburu argi bat du: Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea, betiere euskara erdigunean jarriz, herriko beste familiekin harremanak sustatuz, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortuz eta elkarbizitza berdintasunean eraikiz. Euskaratik urrun dauden familiekin ere lan egin nahi dute, bereziki, euren seme-alabak euskarara hurbiltzeko eta euskarazko aisia eta kultura eskaintza eskura jartzeko.
Aipaturiko helburuak praktikan jartzeko aukera izan zuten atzo Makina Erremintaren Museora egin zuten bisitan. Elgoibarren iragan industriala nolakoa izan zen ezagutzeko aukera izan zuten museoan. Museoko zuzendari Bea Ansolak eman zizkien azalpenak entzun ostean, herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izan zuten, familiek eurek prestatutako janariak jan baitzituzten elkarrekin.
Antzerako ekimen gehiago egiteko asmoa dutela aurreratu dute Hurbiltzen egitasmoko arduradunek. Datorren ekainaren 20rako arratsalde pasa bat prestatu dute, non jolasean jarriko dituzte familiak, eta ondoren mokadutxo bat jango dute. Ekintza horretara Hurbiltzen proiektua ezagutu nahi duten bestelako herriko familiak gonbidatu nahi dituzte, eta izena emateko Egloibarko Izarrako bulegora jo daiteke, edo, 943 741 746 zein Atxutxiamaikako lan taldearen telefonora (747 489 048) deitu daiteke. Bestela, aisialdia@elgoibarkoizarra.eus era idatzi daiteke.