Alain Rodriguez: “Guk ez dugu haientzat lan egingo Guatemalan, haiekin baizik”

Barren.eus 2022ko eka. 10a, 14:42

'Mujeres de la luna' proiektuaren baitan Guatemalara bidaiatuko du Alain Rodriguez mendaroarrak, hango tokiko ekonomia bertako emakumeekin batera sustatzeko asmoz.

Alain Rodriguez (Mendaro, 2002) Mondragon Unibertsitatean LEINN Lidergo Ekintzailea eta Berritzailea graduko bigarren urtea betetzen ari da Oñatiko campusean, eta Ane Davila ikaskide eibartarrarekin eta Malen Jurado aretxabaletarrarekin buru-belarri sartuta dabil 'Mujeres de la luna' proiektuan [Instragramen: @m.delaluna]. Proiektu horren baitan, ekainaren 14an, Guatemalara bidaiatuko du, Santa Cruz la Lagunara zehazki, hango tokiko ekonomia bertako emakumeekin batera sustatzeko asmoz.

 • Gazteez esan izan da ekintzailetza izpiriturik ez dutela. Zer duzu esateko?
Ez dakit. LEINN graduan enpresa bat sortzeko eskatzen digute sartzeaz batera eta Bennu da nirea. Enpresa sortzerako, baina, argi neukan gai sozialak landu nahi nituela eta tematika horrekin lotutako proiektuak gauzatuko nituela, eta horregatik batu nintzen talde honetara, LEINN gradua ikasten ari garenon artean proiektu asko daudelako martxan jarrita, baina gutxi direlako nik nahi nuen horrekin ezkontzen zirenak. Garbi neukan ez nuela neuretzat bakarrik lan egiterik nahi; ekarpen bat ere egin nahi nion beste jende bati.

 • Zein izan den 'Mujeres de la luna' proiektuaren lehen hazia? Nondik datorkio izena?
Kaqchikelez 'Ik ixok' jarri zioten izena proiektuari hango emakumeek eta gaztelaniazko itzulpena da 'Mujeres de la luna'. Ane Davila taldekideak sortu zuen proiektua, 2019an. Guatemalako emakumeek lan merkatuan zituzten aukerak, betetzen zituzten rolak eta abarrak aztertzeko asmoz joan zen Ane Guatemalara, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bidez. Boluntario lanetan jardun zen han emakume eta haurrekin, eta konturatu zen erakunde hark ez zituela batere ondo tratatzen han bertako emakumeak. Ikusi zuen emakumeek eta haurrek ez zutela dirurik jasotzen egiten zuten lanagatik, etekin ekonomiko guztia erakundeak beretzat hartzen zuelako, eta gainera, bera bezala boluntario joandakoek ez zietela benetan bertakoen beharrei erantzuten. Bertakoek egin zezaketen lanetan aritzen ziren boluntarioak, adibidez. Kanadako bi kazetari ere bazeuden Aneren talde hartan eta Estatu Batuetako egunkari batean salatu zuten ikusitakoa. Geroztik, Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek ez dauka baimenik boluntariotzan jarduteko. Dena den, salatu ondorenean halako kezka bat sortu zitzaion Aneri. Ez zen ondo sentitzen, ikusi zuelako salaketa horren ondorioz familia haiek ezer gabe gelditzeko arriskua zutela. Askotan gertatzen da hori: gu joaten gara garatzeko bidean diren herrialdeetara gure pribilegioekin, salatzen dugu hango egoera eta babesik gabe gelditzen dira hango emakumeak. Eta horregatik sortu zuen 'Mujeres de la Luna' proiektua.

 • Zer du helburu nagusitzat proiektuak?
Guatemalako Santa Cruz la Lagunan ari gara lanean eta asmoa da hango emakumeek dituzten beharrei erantzuten laguntzea. Horretarako bilera batzuk egin dituzte nire taldekideek eurekin, guretzako garrantzitsuena hori delako, beraiek proiektuko sentitzea, eta guk gure ezagutza eskaintzea behar duten hori lortzen laguntzeko. 40 urte bueltako emakumeak dira, eta beren seme-alabetako batzuk ere proiektuko kide dira orain. Emakume horietako asko alfabetatu gabeak dira. Ez dakite irakurtzen eta idazten, eta Internet ere gauza berria da haientzat. Baina bitxiak eta eskulanak egiten dituzte, badute bitxitegi bat ere, eta lan egin nahi dute turismoari lotuta. Santa Cruz la Lagunak Atitlan lakua du beheragoan, baina gertu. Leku turistikoa da oso Atlitan, baina turistak ez dira iristen herrixkaraino.

 

2022 06 10 Alain Rodriguez elk barren guatemala