Goizean goizetik festa giroa nagusitu da gaur Elgoibarko erdigunean. Bi urtez Trinitate jairik gabe egon ostean, asteburu honetan Trinitateak ospatzen dihardute herrian, eta herritarrak festa gogoz irten dira kalera. Elgoibarko baserrietako animaliak ikusteko aukera izan da goizean: zaldiak, behiak, ardiak, ahuntzak... bereganatu dituzte herritarren begiradak Aita Agirre plazan, eta Lekuederren, berriz, ahoa gozatzeko aukera egon da. Batetik, Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa egin dute. Bederatzi baserrik hartu dute parte aurtengoan, eta azken edizioan bezalaxe, Armazio baserriko sagardoa izan da txapelduna. Herritarrek bi euroan edalontzia erosita nahibeste sagardo dastatzeko eta botoa emateko aukera izan dute. Haren parean, Eusko Label pintxoak jarri dituzte salgai, eta 13:00ak alderako bukatu da generoa. Musika Eskolako trikitilariak ere kaleak girotzen aritu dira.
Arratsaldean, Mauxitxa txaranga irtengo da 18:00etan, Mauxi buruhandiarekin eta Kiribilekin, eta 23:00etan berriz, Nagusien danborrada hasiko da.