Elgoibarko autobide sarrerako biribilgunearen paretik Azkoitiko Olasoko bidegurutzeraino izango dute debekatuta GI-2634 errepidea erabiltzea oinezkoek zein txirrindulariek. Azkarateko bariantea moduan ezaguna den errepide horretan trafikoaren abiadura "handia" dela-eta hartu du erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Sailak. Aldundiak oinezkoei eta txirrindulariei errepide hori erabiltzea debekatu die, "bide segurtasuna hobetzeko" eta "arriskuak gutxitzeko". Txirrindularientzako zein oinezkoentzako GI-3210 eta GI-3321 errepideetako "alternatiba bideragarria" dela esan du, eta horiek erabiltzeko gomendioa egin du.
• Marra jarraia errepidean
Azken bost urteetan, Aldundiko Bide Azpiegituren Sailak errepidea birgaitzeko lanak egin ditu mendatean. Amaitu dituzte lanak eta seinaleztapen eta gomendio zein arau berriak ezarri dituzte errepidean. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Ministerioak 2+1 erreiko errepideen diseinurako gomendioen agindua onartu zuen iaz. Agindu horri jarraituz, eta zehazki, "seinaleztapen horizontalaren inguruan adierazten duen agindua betetzeko", Azkarateko mendatearen bi noranzkoetako jaitsieretan ibilgailuak aurreratzeko debekua jarri du, errepidearen ardatzean marra jarrai bikoitza margotuta.
Arau berriei lotuta, Aldundiak inforadar bat ere ipini zuen, Olasoko bidegurutzea baino zerbait lehenago, iazko azaroan. Azkarateko mendatetik Azkoitirako noranzkoan doazen ibilgailuen "abiadura neurtzeko" eta horiei "abisatzeko" helburuarekin ipini zuten gailua errepide bazterrean. "Erreklamazio bat jaso genuen, ibilgailuak puntu horretatik abiadura oso handian igarotzen zirela eta, arriskua zegoela esanez. Ibilgailuen abiadura gutxitzeko asmoz jarri zen inforadarra", adierazi dute.