Eskola kirol egokituari buruzko informazio bilera irekia egingo dute ekainaren 17an

Barren.eus 2022ko eka. 14a, 13:04

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioari eta eskola-kirol egokituaren programari buruzko informazioa emateko bilera irekia antolatu dute barikurako, ekainaren 17rako.

Olaizaga kiroldegian izango da bilera, 16:30ean.

20 urte beteko dira Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak jarduera fisikoaren eta kirol anitzeko jardueraren zerbitzua abian jarri zuenetik, eskola-orduetatik kanpo kirol-jarduerak egiteko aukerarik ez duten haurrentzat.
"Jakinik jarduera fisikoa eta kirola onuragarriak direla eskola-adinean dauden herritar guztien garapen integralerako, baina onartuta gaur egun eskola-kirolean parte hartzeko eskubidea ez dagoela ikasle guztien eskura. Dibertsitate funtzionala duten ikasleen kasuan, esaterako, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, eta hainbat udalen lankidetzarekin, horien artean Elgoibarko Udala, kirola egiteko aukera bermatu nahi diegu", adierazi dute Elgoibarko Udaletik.
Azaldu dutenez, Eskola-kirol Egokituaren programaren bidez, desgaitasunen bat duten ikasleentzako kirol-jarduera espezifikoak bermatzen dira 6 urtetik 21 urtera bitarteko ikasleentzat -ikasgela egonkorreko ikasleak eta LMA-, "pertsona bakoitzaren premietan eta lehentasunetan oinarrituta kirol-ibilbide desberdinak asetzen saiatuaz".

Desgaitasuna duten gazteei hastapen-programa bat eskaini nahi diete, hainbat kirol praktikatzeko aukera emanez, beren beharretara ahalik eta gehien egokitzen den talde eta programazio mota batekin. Proposamen honek astegunetan jarduera fisiko egokitua egiteko saioak biltzen ditu, lehorrean zein uretan, eta, ikasturtean zehar, gainera, asteburuetan jarduera fisiko eta kirol irekietan parte hartzeko aukera ematen diete. Jarduera horiek hainbat erakunde eta klubekin elkarlanean antolatzen dituzte: futbol egokituko topaketak, denontzako mendi-ibiliak, surf inklusiboko jardunaldiak, sentsibilizazio jardunaldiak,...

2022 06 14 eskola kirol egokitua igeriketa arg GKEF