Gipuzkoako Bakarkako Erlojupeko Txapelketak jokatu zituzten, atzo arratsaldean, Aizarnazabalen, Gervaisen Oroimenezko proban. Junior mailako gizonen proban lehiatu zen Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) txirrindulari elgoibartarra. Beñat Garaiarrek (Augar-Laguntasuna) egin zuen denborarik onena 14,5 kilometroko ibilbidean (20:20). Irabazleak baino 9 segundo gehiago behar izan zituen Ortegak, eta Iker Zabaleta azpeitiarra (Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia) sailkatu zen hirugarren postuan, Ortegak baino segundo bat gehiago behar izan baitzuen proba bukatzeko. Gipuzkoako txirrindulari federazioaren sailkapenean lehen hamabost postuetan dauden txirrindulariak lehiatu ziren Aizarnazabalen, junior mailakoan. (ikus hemen probaren laburpen-bideoa)
• Nafarroako Klasikoan Gipuzkoako selekzioarekin
Denboraldi aparta egiten ari da Eneko Ortega eta Gipuzkoako selekzioaren deia ere jaso du, "bereziki maiatzean lortu zituen emaitzei esker", zehaztu dute Elgoibarko Lagun Taldea eskolako arduradunek. Joan den asteburuan lehiatu zen selekzioarekin Nafarroako Klasikoan. Selekziokoen artean sailkapen nagusiko posturik onena (45) lortzeaz gainera, podiumera igo zen, tarteko helmugen sailkapenean gailendu zela-eta.
Txirrindulari elgoibartar gehiago ere igo dira podiumera joan den asteburuan. Zapatuan, Urretxuko eskolarteko lasterketan lehiatu ziren alebinak eta infantilak, eta bi garaikurrekin itzuli ziren. Aroa Saez infantila nagusitu zen Urretxuko eskolarteko lasterketan, nesketan, eta Enaitz Iraolagoitiak hirugarren egin zuen alebinetan, mutiletan.