Ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo da BIEMH 2022, makina-erremintaren biurteko azoka BECen, eta azokak irauten duen bitartean egongo dira Elgoibartik eramandako kabinak ikusgai. Kabinez gainera, erakustoki bat ere izango du Museoak azoka barruan, Workinn Talent Hub delako espazioan.
"Gure historia, tradizioa eta bilakaeraren berri ematen da erakusketa ibiltari honen bitartez. Merezi du ibilbide historiko hau zabaltzea izan ere, nondik gatozen, egungo egoera zein den eta etorkizun hurbilak zer ekar diezagukeen ulertzen laguntzen baitu", azaldu dute Museotik kabina industrialen erakusketaz.
Honako hauek dira gure eskualdeko tradizio industriala aitortzeko erabiliko dituzten bost kabinen inguruko xehetasunak, Museoko arduradunen berbetan:
1. KABINA INDUSTRIALA. Errementariaren kabina, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean kokatu dute.
Makina erremintaren jatorria herriak sortzen direneko garaikoa da. Errementariaren kabinan, errementariak erabiltzen dituen erreminta adierazgarrienak erakusten ditu: kurrikak, estanpak, ingude arrunta, estanpatzeko ingudea eta errementari-zulagailu bat. Kabina hori Elgoibarrek 675. urte bete zituela ospatzeko ekitaldietarako egin zuten. Errementariaren lanbidea, artisau-lanbidea zen, pieza guztiak antzekoak baina berdinak ez zirelako. Hortik dator artisau izena. Zulagailua da errementariak erabiltzen zuen txirbil-harroketa bidezko lehen makina-erreminta. Gainerako eragiketa guztiak berotu eta kolpatuz egiten zituzten. Kabina honekin errementariaren ofizioa omendu nahi dugu herriaren sorrerarako oso garrantzitsua izan baitzen. Errementariak beste ofizio batzuetan erabiltzen zituzten tresnak ekoizten zituen; arotzarentzako, igeltseroarentzako, nekazariarentzako, armagiñarentzako tresnak e.a.. Kabina barruko arrabolan, Elgoibarren martxan egon zen azken errementeriaren aipamena dago. Ibarlucea familiarena izan zen eta Santa Klarako bidegurutzean zegoen kokatua. Azkeneko urteetan perratoki bezala erabili zuten.
1940an argitaratutako urtekari euskaldunaren arabera, Elgoibarren lau errementeria zeuden martxan: Ezequiel Elorza, Bautista Unzueta, Víctor Barínaga eta Manuel Ibarlucearen oinordekoak. Ibarluceatarrena 1988ra artean egon zen martxan.
BEC KANPOKO ESPAZIOAN
2. KABINA INDUSTRIALA. Armagintzan erabilitako pedalezko tornua. XV. Mendekoa, eskualdean egindako lehenetarikoa.
Errementariak denborarekin armaren fabrikazioan lanean hasten dira eta XVIII, mendean Debabarren mundu mailan ezaguna egingo da bertan ekoiztutako armengatik. Eta gainerako 3 kabina industrialetan XX. Mendeko 40. hamarkadatik aurrera fabrikatutako makina erremintak ikusi daitezke.
3. KABINA INDUSTRIALA. Atzera aurreko Uniz zerra. XX. Mendeko 40. hamarkadatik aurrera fabrikatutako makina-erremintaren bigarren belaunaldia. Industriaan asko erabili zen makina da. Tailer eta ikastetxe gehienetan atzera
aurreko Uniz zerra egon da. Gaur egun ere lantegi txikietan ikus daitezke horrelako zerrak
4. KABINA INDUSTRIALA. EE artezteko makina zentrogabea. XX. mendeko 40.
hamarkadatik aurrera fabrikatutako makina-erremintaren bigarren belaunaldikoa. Artezteko makina zentrogabearen lehen eredua da, eta Estartak eta Ecenarrok fabrikatzen zuen. Makina erreminta honen teknologia DanobatGroupek erosi zuen eta gaur egun makina erreminta hau egiten jarraitzen du.
5. KABINA INDUSTRIALA. Ona elektrohigadurako matrizatzeko makina. Lehen
modeloa, XX. Mende erdialdean fabrikatutakoa. Deskarga elektrikoen bidez lan egiten duen makina-erremintaren lehen modeloa da, matrizatzaile ere deitua. Gaur egun enpresak elektro higadurako makinak fabrikatzen jarraitzen du. Armagintzaren bilakaera ematen da eta industrializazioarekin batera armak ekoizteaz gain, makina erremintak, josteko makinak, bizikletak eta abar ekoizten hasten dira gure eskualdeko lehen fabriketan.