Lasaitasuna ematen dio marrazteak, eta bere denbora librearen zati handi bat eskaintzen dio marrazteari. Irudi errealistak marraztea gustatzen zaio, pertsonak bereziki. Japoniako manga komiki eta anime telesailen zalea da, eta estilo horretako pertsonaiak marrazten ditu. Eskuz zein digitalki marraztea gustatzen zaio. Udal Liburutegian ikastaroa eman zuen, eta aretoa bete zuen.
• Sorkuntza eta Diseinua ikasten ari zara, Leioan.
Bai, Eibarren egin nuen Batxilergo artistikoa eta gero Sorkuntza eta Diseinua ikasten hasi nintzen. Lau urteko gradua da eta bigarren mailan nago. Oso pozik nago; argi neukan zer ikasi nahi nuen eta etxean esan nuenean ere, ez zidaten inolako oztoporik jarri. Etxe askotan gurasoek nahiago izaten dute beste mota bateko ikasketak egitea, baina nire kasuan argi ikusten zuten marraztea gustuko nuela eta animatu egin ninduten. Nire amari ere gustatzen zaio alor hau, gainera. Jende askok uste du lan mundurako aukera gutxi dituela honek, baina nik aukera asko ikusten dizkiot. Ilustraziotik badago lana. Editorial askok behar izaten dituzte ilustratzaileak liburuetako irudiak marrazteko, enpresa askok ere kontratatzen dituzte ilustratzaileak diseinu sektorerako, irakaskuntzan ere sartu naiteke, komikigintzan... Graduondokoak ere egin daitezke ikasketak osatzeko, eta irakasle batek esan zidan bazegoela ilustrazio anatomikoa lantzen duten graduondoko bat. Giza gorputzeko organoak marrazten espezializatu daiteke horri esker, eta horrekin ospitaleetan lan egiteko aukera ere egon daiteke. Niri interesgarria iruditu zitzaidan. Esan zuen medikuntzako ikasle asko joaten zirela graduondoko hartara, baina medikuntzaz asko jakin arren, askok ez zekitela marrazten, eta animatu egin gintuen. Ikusten ez dena marraztea da, gorputz barruko organoak, eta gu horretarako prestatuta gaude. Ni behintzat saiatuko naiz gustuko dudan zaletasun honetatik bizitzen.
• Noiz konturatu zinen ilustraziorako zeneukan pasioaz?
Beti izan dut argi bidea alor honetan egingo nuela; Ilustrazioa ez bazen, pintura ikasi nahi nuke. Ez dakit nondik datorkidan zaletasun hau, baina oso ume nintzela hasi nintzen marrazten. Amak askotan esaten dit ni arkatz bat eskuan nuela jaio nintzela. Barrutik irtetzen zait marraztea, barruan daramat.
• Nolatan hasi zinen manga estiloko ilustrazioak egiten?
Koronabirusaren ondorioz etxeratu gintuztenean, jendeak telebista gehiago ikusteari eman zion, eta horietako asko hasi ziren manga estiloko telesail japoniarrak ikusten. Indar handia hartu dute anime estiloko telesailek; boom moduko bat egon da. Manga komikiari esaten zaio, eta bizia duen irudiari, anime, hau da, telesailari. Lehen arraroagoa zen horrelakoen zalea izatea, baina orain oso modan dago. Niri aspalditik gustatzen zaizkit, umetan ere ikusten nituelako 'One piece' edo 'Dragon Ball' bezalako marrazki bizidunak ETB3n. Gero pertsonaiak kopiatzen hasi nintzen. Estilo hori asko gustatzen zait, eta telebistan ikusten nuena marrazten hasi nintzen. Kontatzen dituzten istorioak gustatzen zaizkit, eta baita erabiltzen dituzten koloreak ere. Kolore biziak erabiltzen dituzte, pertsonai askok, esaterako ile arrosa edo urdina izaten dute, eta horrek atentzioa deitzen dit. Ez da berez asko ikusten den gauza, eta niri beti gustatu izan zaizkit gauza alternatiboak. Manga estiloko jardunaldietan ere hartu izan dut parte noizbait. Japan weekend esaterako urtean bi aldiz egiten da, Amorebietan ere Mangamore egiten dute eta joan zen hilean ExpOtaku azoka egin zuten Gasteizen. Nire gelako lagun batzuekin joan nintzen, eta gure lanak saltzen egon ginen. Marrazkiak gero pegatina estiloan ere inprimitzen ditugu eta jendeak asko estimatzen ditu. Prezioa jartzea zaila da, kontuan hartu behar delako erabiltzen dugun materiala eta sartutako ordu kopurua. Tamainaren arabera 4 euroko laminak edo 2 eurokoak saltzen ditugu gehien. Ez da diru asko, baina kontuan izan behar da nik marrazki bat egiten dudala, eta gero horren kopiak saltzen ditudala, ahalik eta gehien. Ez dira originalak, kopiak baizik.
• Zuk ere ile urdina daukazu. Zure estiloa ere fikziozko manga ilustrazioetatik dator?
Ba ez dakit, baina eragina izango du, seguru! Dena dela, artea ikasten dugun guztiok izaten dugu itxura desberdina. Gure falkultatean denetik ikusten da, jendea ausarta da horretan, eta kolore askotako ileak ikusten dira. Unibertsitatean berehala igartzen da nor den Arteetako ikaslea. Irakasleek ere esaten digute desberdinak garela eta gauzak ikusteko oso modu berezia daukagula. Objektu baten aurrean berehala hasten gara perspektiba aztertzen, eta normalean bestelako jendeak ez du horrelakorik egiten. Gure burmuina beste modu batean ordenatuta dago. Zientzia ikasleek ere beraien ikuspegi propioa dute, eta guk ere bai. Guk mundua interpretatzeko beste modu bat daukagu, eta horren eraginez, gauzak ikusteko era oso partikularra daukagu. Mentalitate oso irekia daukagu.
• Barrutik marrazten duzula esan duzu, barrutik irteten zaizula marraztea. Berezko zerbait eduki behar da marrazteko ala ikasi ere egin daiteke ondo marrazten?
Bai, ikasi daiteke marrazten. Nik ere asko ikasi dut hasi nintzenetik gaur eguneraino. Manga estiloko pertsonaiak egiten hasi nintzeneko marrazkiak ikusten ditut orain eta kaskarrak iruditzen zaizkit. Asko hobetu dut nik ere, eta gauza asko ikasi ditut. Beste gauza askotan bezala, konstantzia da garrantzitsua, orduak eskaintzea marrazteari. Urtebetean sekulako eboluzioa igarri dut nire marrazkietan. Fakultatean gauza pila bat erakutsi dizkigute, eta horrek asko lagundu dit, baina ordu asko eskaintzen dizkiot marrazteari. Saiatzea da gakoa. Jende askok uste du gaizki marrazten duela eta ez da saiatzen. Nire gelan ere badaude zientifikotik etorri diren ikasleak esaten zutenak ez zekitela marrazten, baina urtebetean sekulako obrak egiten ikasi dutenak.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1248. zenbakian -PDF-