Labar artearen historia biltzen duen Arbasoen Harpea inauguratuko du Mufomik bihar

Barren.eus 2022ko eka. 17a, 14:58

Hiru urte pasatxoko lanaren ostean, Arbasoen Harpea zabalduko dute zapatuan, ekainaren 18an, Mufomi museoan. Historiaurrera bidaia egitea ahalbidetzen duen koba baten erreplika da, eta bost gune desberdinetan banatuta, labar artearen historia bildu dute.

Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako koba ezagunenetako irudi adierazgarrienen kopiak egin dituzte, batzuk tamaina errealean eta besteak eskalan. Altamira, La Araña, Ekain, Lascaux edo Chauvet kobazuloetako irudiak ikus daitezke, animalienak gehienak, baina lehen giza irudien errepresentazioak ere egin dituzte. Orain dela 67.000 urtekoak dira ikus daitezkeen lehen irudiak, eta orain dela 7.000-6.000 urtekoak azkenak. 45 bat metroko luzeera dauka kobak, eta lau metroko altuera.

Labar arteaz gain, Elgoibarko espeleologiak ere izango du lekua. Datorren urtean 50 urte beteko dira Elgoibarren lehen espeleologia taldea sortu zenetik. Jose Manuel eta Angel Maria Tobajas anaiek eta Santos Diez hirukoteak sortu zuen talde hura 1973an, eta garai hartan erabiltzen zuten materiala jarriko dute ikusgai, besteak beste. Mufomi elkarteak eta espeleologia taldeak lotura estua izan dute beti, eta eskutik datoz oraingoan ere.
Javier Vargas Mufomiko arduradunak eta Angel Mari Tobajasek prestatu dute Arbasoen Harpea, Cristina Vargasen laguntzarekin, Mufomi museoaren sotoan. Bihar zabalduko dute 11:00etan, baina aurrerantzean ere zabalik egongo da. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 14:00etara. Aurrez hitzordua eskatzea gomendatu dute: 608 416 683 / info@mufomi.org

2022 06 17 mufomi museoa elgoibar arbasoen harpea sarrera BARREN

2022 06 17 mufomi museoa elgoibar arbasoen harpea BARREN

2022 06 17 mufomi museoa elgoibar arbasoen harpea 2