Ameikutzekoek jaialdiarekin eta kantaldiarekin amaitu dute ikasturtea

Barren.eus 2022ko eka. 21a, 13:40

Ameikutz musika eskolako ikasle eta irakasleak plazara irten ziren joan zen eguenean eta barikuan, Mendaron. Eguenean, ikasturte amaierako jaialdia eman zuten, eta barikuan, berriz, kantaldia.

 Eguen eta bariku iluntzeak girotu zituzten Ameikutz musika eskolakoek. Herriko Enparantzan jarri zieten oholtza, eta aulki ilara luze bat parean ikus-entzuleentzat. Eguenean, ikasleak izan ziren protagonista, txikienetik hasita. Izan ere, aurten, aurreko edizioan ez bezala, musika tailerreko txikiek ere parte hartu zuten jaialdian. Bi-hiruna pieza jo zituzten ikasleek, taldeka banatuta, eta abesbatzakoek ere parte hartu zuten jaialdian.

Barikuan, berriz, Kantaldiaren txanda izan zen. Musika eskolako Juan Arriola eta Iñigo Ruiz de Gordejuela irakasleak eta haien lagun Malwina Masternak musikari poloniarrak izan ziren Kantaldiko protagonista nagusiak, baina izan ziren haien ondora oholtzara igo ziren mendaroarrak ere. Xabier Lete, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil eta beste hainbaten kantuak abestu zituzten. Hona hemen Joseba Olazabal mendaroarrak ostiralekoaz egindako bideoa.

 

2022 06 20 kantaldia ikasturte bukaera ameikutz mendaro Malwina Masternak BARREN