Irati De Anta Elgoibarko Institutuko ikasleak atera du EAEko notarik onena selektibitatean

Barren.eus 2022ko eka. 22a, 16:58

Irati De Anta Elgoibar BHI Institutuko ikasleak 10etik 9,98 nota atera du unibertsitaterako hautaproba azterketan, eta emaitza horri esker, berea izan da EAEko notarik onena, 12.107 ikasleren artean.

Maltan ikasbidaian zegoela jaso zuen berria, eta aitortu du ikasturte honetan inoiz baino denbora gehiago eskaini diela ikasketei, baina hala ere, izan duela bere zaletasunei tartea egiteko aukerarik. Besteak beste, kirola egiteko eta lagunekin irteteko aukera izan duela adierazi du.

Debako Luzaro eta Mendata BHI ikastetxetatik igaro ostean iritsi zen De Anta Elgoibarko institutura, Batxilergoko bi urteak ikastera. Batxilergoko Zientifikoa aukeratu zuen, biologiaren adarretik. Izan ere, biologia, fisika, kimika eta programazioa dira bere ikasgai kuttunenak, eta horiek guztiak biltzen dituen ikasketak hasiko ditu aurki, Ingeniaritza Biomedikoa ikasiko baitu Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean.

∞Lotura duten albisteak: