Orain dela 67.000 urtekoak dira ikus daitezkeen lehen irudiak, eta orain dela 7.000-6.000 urtekoak azkenak. 45 bat metroko luzeera dauka kobak, eta lau metroko altuera. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte, aurrez ordua hartuta.
Mufomi fosil eta mineralen museoak balio kalkulaezina zeukan lehen ere, baina orain beste altxor bat dauka lurpean: Arbasoen Harpea. Morkaiko-Leizarpe espeleologia taldeko Angel Mari Tobajas eta Javier Vargasek historiaurrean duten pasioaren emaitza da bereziki, koba errekreazio hau, baina gaur egun Javierren alaba Cristina Vargas ere proiektuan sartuta dago. Gida turistiko ikasketak egin ditu, eta ikasketa amaierako proiektua Mufomin egin zuen. Hiruren artean azaldu dute zer den Arbasoen Harpea.
Artetxeko eskola zaharreko geletan dago Mufomi museoa, eta eskolak martxan zeuden garaian ikatza gordetzeko erabiltzen zuten biltegia zeukan lokalak azpiko aldean. Lokal hari probetxua ateratzea bururatu zitzaien Angel Mari Tobajas eta Javier Vargasi, eta kobazulo baten errekreazioa egitea erabaki zuten. Hiru urte pasa eman dituzte lanean, dena beraien kabuz: "Ez geneukan igeltseritza lanei buruzko ideiarik ere, baina burugogorrak gara eta ez dugu etsi gure lanean", esan du Vargasek. Igeltsua eta morteroa erabili dituzte biltegiari kobazulo forma emateko, eta benetako haitzen itxurako formak sortu dituzte. Lehenengo solairuko horma baten zabaldu dute atea, burnizko atea, ohiko koba arkelologikoetako sarrera originalak kopiatuz.
Benetako koba baten errekreazioa egin dute, eta 70.000 urteko labar artearen historia bildu dute bertan. Handik sartzean hasten da historiaurrerako bidaia. Sartzeaz bat, tenperatura ere aldatzen da, eta benetako kobazuloetako freskura nabaritu daiteke. Estalaktitak eta gours formek egiten diote bisitariari ongi-etorria, eta eskailera estu batzuetatik jaitsiz iristen da paleolitikoaren gunera. 45 metroko luzera du kobak, eta bost gunetan banatuta dago: Sarrera, sima, Neanderthal sala, Capilla Sixtina eta Mediterraneo sala. Gune horietan garai desberdinetako margoak ikus daitezke, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako kobetan agertu diren margoen erreplikak dira, batzuek tamaina errealean eta besteak eskalan eginak. Orain dela 70.000 urte ingurukoak dira lehen gunean aurki daitezkeen margoak. Neardenthal sala da lehenengoa, eta hainbat animalia eta esku-irudiak dira nagusi. Kantabriako La Pasiega eta El Castillo kobetakoak dira irudi batzuk, Cacereseko Maltraviesokoak beste batzuk eta Frantziako Chauvet kobako irudiak ere badaude. Kobazuloan zehar aurrera eginez, Capilla Sixtina deitu dioten salan barneratuko da bisitaria, eta gune honetan Ekaingo kobazuloko hartzen irudiak, Kantabriako Altamirakoak edo Frantziako Lascaux koba ezaguneko marrazkiak margotu dituzte. Kobazuloaren amaieran Mediterraneo sala kokatu dute, eta gune honetako pinturak orain dela 7.000-6.000 urte ingurukoak dira. Modernoagoak dira, eta lehen aldiz emakumezkoen irudiak ere ageri dira. Ehiza dute oinarri horma batzuetako margoek, dantza ere agertzen da eta Valentziako Araña kobazuloan agertu zen emakume langilearen irudi bat ere marraztu dute; eztia biltzen ari den emakumearen irudia hain zuzen ere.
• Elgoibarko Espeleologiari Keinua
Mufomi museoa eta Elgoibarko espeleologia taldeak lotura handia izan dute beti, eta horregatik keinu egingo diote Elgoibarko espeleologiari Arbasoen Harpean. 2023an 50 urte beteko dira Angel Maria eta Jose Manuel Tobajas anaiek eta Santos Diezek Elgoibarren lehen espeleologia taldea sortu zutenetik. Beraien kabuz hasi ziren, baina berehala federatu ziren, Morkaikoren babesean, eta gerora Morkaiko-Leizarpe Espeleologia Taldea izena hartu zuen taldeak. Javier Vargas bera ere taldera batu zen, eta modu horretan historiaurreak eta espeleologiak bat egin zuten. Kobazuloetara sartzen ziren eta han biltzen zituzten harri-bitxi, mineral edota fosilekin hasi ziren museoa osatzen. Garai hartan kobazuloetan sartzeko erabiltzen zuten materiala jarriko dute ikusgai kobazuloaren sarrerako apal batean: sokak, mapak, kaskoak, linternak... Bitxikeria moduan azaldu dute gaur egun Arbasoen Harpea dena izan zela Elgoibarko espeleologoen lehen lokala. Badirudi biltegi horren patua zela koba bihurtzea.
- ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1249. zenbakian -PDF-
MUFOMI MUSEOAREN HELBIDEA
- Artetxe kalea z/g (Artetxeko eskola zaharrak) Elgoibar, Gipuzkoa, 20870
ARBASOEN HARPEA BISITATZEKO ORDUTEGIA
- Sarrera doan, hitzordua eskatuta
- Astegunetan: 18:00-20:00
- Asteburuetan – Jaiegunetan: 11:00-14:00
- 608 416 683
- info@mufomi.org
- www.mufomi.org