Arratsalderako kalejira iragarria zuen Mendaroko Udalak, eta esandako orduan irten ziren ludotekatik haur eta begiraleak. Ludotekako erabiltzaileek astean Akerbeltzen musukuak eta argi-zuziak eginak zituzten kalejirarako eta haiek hartuta abiatu ziren, Txorotxarangako hiru kidek lagunduta.
Gauean, berriz, 22:30an, sua ixotu zuten udaletxeko brigadakoek, plazan. Eguraldi txarra iragarria zegoen arratsalderako, eta plastikoz estalita izan zuten egun osoan zehar egur-meta plazaren erdian, eta eskerrak hari, sua pizteko ordubete bat aurretik sekulako zaparrada bota zuelako. Piztu zuten, baina, sua, behin ilundutakoan. Su handia egin zuten plazaren erdian, eta su txikiago bat bazter batean, nahi zuenak gainetik salto egin ahal izateko. Era berean, egun osoan plazan jarritako otzaretan jasotako desio eta eskaera-papertxoak erre zituzten sutan, tradizioak esaten duen moduan.