Interesa duenak bere datuak eman beharko ditu Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean, telefonoz 943 744 366 zenbakira deituta, edo emailez euskara@elgoibar.eus helbidera mezu bat bidalita. Izena emateko epea uztailaren 26ra arte egongo da zabalik.
8-16 urte bitartekoentzat eskolak eskainiko dituzte, eta saioak astelehen arratsaldetan izango dira, ordubetez, Aita Agirre kulturgunean. Irakasle lanetan Eneko Beretxinaga soraluzetarra arituko da, aurreko ikasturtean bezalaxe. Bukatu berri den ikasturte honetan, bi talde izan ditu bere kargu. Bai irakasleak, baita Udalak ere, oso balorazio positiboa egin dute, eta bertso eskola egonkortzeko ahaleginetan jarraituko dutela adierazi dute.
Dena dela, zehaztu dute Eneko Beretxinagak bertsoarekin duen harremana, nagusiki, hizkuntzaren transmisioarekin lotuta egon dela, eta bereziki, bertso-eskolekin, aisialdiarekin eta hezkuntza arautuarekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita.
Hori dela eta, Elgoibarko Bertso Eskolako irakasle ez ezik, Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea ere bada, eta 270 ikasle izan ditu ikasturte honetan bere ardurapean.
Udako oporren ostean, irailaren bigarren hamabostaldian jarriko dute martxan Elgoibarko Bertso Eskolaren ikasturte berria.
∞Lotura duten albisteak: