Eguraldi goibelarekin hasi zuten atzo udaldia, baina gaurkoan eguzkia izan dute lagun eta talde argazkia ateratzeko ere probestu dute. 'Bagatooooz' leloa daraman kamisetekin, adin tarte bakoitzak bere kolorekoa, atera dute argazki koloretsua. Udaldian HH5-LH6 tarteko umeak ari dira parte hartzen. Ordutegia 09:30etik 13:00etara izango da astelehenetik ostiralera, uztailaren 22ra bitartean.
Adin tarte bakoitzarentzat egokitutako programa desberdinak diseinatu dituzte, haurren eta hezitzaileen parte hartzearekin. Hori horrela, txikienak herriko puntu desberdinetan ibiliko dira auzoak ezagutzen eta herriko baliabide desberdinak erabiliko dituzte: merkatu plaza eta liburutegia, adibidez. Bestalde, HH5etik aurrerakoak Mintxetako igerilekura joateaz gain, beste herrietako igerilekuak eta hondartzak ezagutzeko aukera ere izango dute: Gamarrako eta Elorrioko igerilekuak, eta Deba eta Zarautzeko hondartzak, adibidez. Helduenen kasuan, Zuhatzan egonaldia eta udaleku ibiltaria egingo dute.
Haur bakoitzak ‘Bagatoz!!!’ lema duen kamiseta bana jaso du. Aurten, gainera, osasun egoerak ahalbidetzen duenez, haurren arteko harremanak eta elkartrukeak berreskuratuko dituzte.