Batetik, eskuz banaka lau t'erdiko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu zuen, barikuan, Lazkaoko Joxe Miel Barandiaran pilotalekuan. Izagirrek Azpeitiko Ilunpe taldeko Iker Otaegi izan zuen aurkari kadeteetako Lehen Mailako finala izan zenean, eta 16-22 gailendu zen elgoibartarra. Hortaz, bera da Gipuzkoako txapelduna.
Bigarren txapela, berriz, domekan eskuratu zuen Izagirrek. Kasu honetan taldearekin, bakarka beharrean. Izan ere, afizionatu mailako pilotarien artean entzute handia duen Berria Txapelketa irabazi zuen Lazkaoko LAPKE taldearekin. Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarterik onenak elkarren aurka aritu ziren finalean, Hernaniko Udal pilotalekuan. LAPKE Lazkaoko klubak nagusitasunez irabazi zion finala Tolosako taldeari, eta lehen aldiz jantzi zuten txapela. Finaleko hiru partidak irabazi zituen Lazkaok. Izagirrek kadeteen mailako neurketa jokatu zuen, Ibarluzearekin bikotea osatuz, eta 22-4 irabazi zieten Tolosa eta Castro tolosarrei. Gazteetan, LAPKEko Zubizarreta-Telleriak 22-19 irabazi zieten Amondarain-Gabirondori. Eta, azkenik, nagusietan, Senar-Garmendiak 22-5 irabazi zien Elola-Aizpururi. Finalean bakarrik ez, txapelketa osoan nagusi izan dira lazkaotarrak, partida bakarra galdu batute txapelketa osoan.
Berriak zuzenean eman zituen finaleko hiru partidak. Hemen ikus ditzakezue::