Gerratik, errepresiotik eta miseriatik ihes egiten saiatzen direnentzako hilerri bihurtu zen berriro ere Melilla joan zen astean. Nador (Maroko) eta Melilla (Espainia) arteko muga zeharkatzen ahalegindu ziren egun horretan Gurugu mendian zeuden 2.000 bat migrante, eta gutxienez 37 hil ziren. Heriotza horien harira, elkarretaratze ugari egin dira egunotan Euskal Herriko hainbat herritan migratzaileen kontrako "politika kriminalak" salatzeko eta migraziorako "bide seguruak" bermatu daitezen eskatzeko. Mendaron ere, elkarretaratzera deitu zuten gaurko eta 50 bat lagun elkartu dira gaur iluntzean plazan,"Migrazio-heriotza politiken aurka. Eskubideak. Hilketarik ez!" lelopean. Elkarretaratzera batu direnen artean ohar bat ere banatu dute, "Eskubideak! Hilketarik ez" izenburu duena.
Gogoeta eta salaketa batzen ditu oharrak. Kontzientziak astindu nahi bat. "Berriz ere ikusi ditugu pertsona beltzen bizitzak, gorputz beltzak, bortxatuak eta eskubide orotatik gabetuak izan direla. Bere isiltasunarekin, sarraski handi baten konplize izan den gizarte oso baten begiradaren aurrean, zaborra bezala tratatuak izan dira". Frantziak 1998an hil zuen Norbert Zongo kazetari burkinarraren esaldi bat gogorarazi dute horren harira: "Gauzarik okerrena ez da pertsona gaiztoen gaiztakeria, baizik eta jende onaren isiltasuna". Komunikabideei ere zuzendu zaizkie oharrean: "Mina, amorrua, ezintasuna, lotsa? Zaila da egun hauetan komunikabideetan, sare sozialetan eta prentsan zehar dabiltzan irudiek pertsona arrazializatuetan eta migratzaileentzat sortzen dituzten emozioak hitzetan islatzea". Eta gertatutakoaren erantzule zuzen egin dituzte Gobernuak. "Mediterraneoa eta Atlantikoa munduko hobi komun handiena bihurtu duten heriotza-politikak" salatu dituzte, bai eta Ceuta eta Melillako mugetan 10 metroko hesi bat eraikitzea ere. Eta gehitu dute: "Itzulketa espresa salatzen dugu, migratzaileen duintasunaren aurkako praktika ankerra, eta egungo migrazio politikak salatzen ditugu, arraza-profilagatiko aitorpenak justifikatzen dituena, CIESak, eta erregularizazioa ahalbidetzen duten administrazio-kudeaketak oztopatzen dituena.
Elkarretaratzearen deitzaileek nabarmendu dute ez dagoela arrazakeriaren kontra egoterik Espainia hegoaldeko mugan begirada jarri ezean, ez eta Espainia eta Maroko arteko mugan egunero gertatzen ari dena agenda politikora eraman ezean.