Hiru urtetan ospatu zituzten Urazandi auzoko jaiak 80ko hamarkadan, 1981etik 1983ra bitartean, baina arrastoa laga zuten auzokoen eta herritarren artean, eta jai haiek berreskuratzeko batu ziren dozena erdi bat auzotar duela hiru urte. 2019an, bestalde, Urazandi Auzo Elkartea sortu zuten auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, eta elkarte horren bilera baten hasi ziren jaiak antolatzen. Hortik abiatuta, Urajai elkartea sortu zuten 2021eko uztailean jaiak antolatzeko asmoz, baina, Koronabirusaren eraginez, bertan behera laga behar izan zuten asmo hura. Baina, aurten bai! Aurten dena prest dago Urazandi auzoko festak ospatzeko.
19:00etan hasiko da festa Urazandin. Txapliguak botako dituzte herritarrei jaiak hasi direla jakinarazteko, eta segidan hainbat jolas egingo dituzte: txapel jaurtiketa, igel-toka jokoa, dardo txapelketa... eta gauean musikak hartuko du Herri Eskolako patioa, Imanol DJarekin. Jaietako egun handia, baina, bihar izango da, eta goizetik gauera arte egongo dira ekitaldiak. Domeka arratsaldean amaituko dira festak, txokolate jata eta txapligu jaurtitzearekin.
Jaiak finantzatzeko errifak ere saldu dituzte, eta hasiera batean jaiak uztaileko lehen asteburuan egitea aurreikusi zutenez, errifaren zozketa uztailaren 3an egitea zen asmoa. Idotorbeko jaiekin bat ez egiteko, baina, festak uztaileko bigarren asteburura atzeratu zituztenez, errifaren zozketan uztailaren 10ean egingo dutela jakinarazi dute.