Maltan izan zara ikasbidaian ehundik gora gazte hartuta. Gutxik hartu nahi izaten duten ardura hartu duzu berriro ere. Bai. 26 bat urte nituela joan nintzen estreinakoz eta 71 dauzkat orain. Azkeneko bi urteetan, dena den, Feel My Way enpresak antolatu du Elgoibarko Institutukoen ikasbidaia, eta ni begirale lanetara joan naiz, beste hiru lagunekin batera. Feel My Way enpresan Nora Kortaberria da ikasbidaien arduraduna, Mondragon Unibertsitatean LEINN ikasketak egindako elgoibartarra, eta Elgoibarko institutukoen ikasbidaia ez ezik beste ikastetxe batzuetakoena ere antolatzen du enpresa honek. Ni, esan bezala, begirale lanak egiten aritu naiz Alex Agirregabiria, Garazi Letamendia, Kortaberriarekin batera. Urte askoan bakarrik joan izan naiz ikasbidaira ehundik gora ikasle hartuta, eta esan beharra daukat zorionez zorte handia izan dudala beti. Zorionekoa sentitzen naiz, baina uste dut zortea ere lotua dagoela askotan norberak hartzen duen jarrerarekin. Nik ez dut denbora galtzen gauza txarrei bueltaka, eta tokatzen zaizkidanean saiatzen naiz berehala ahazten.
Irakaskuntzan erretiroa hartuta ere, jarraitzen duzu zeregin horretan. Zerk lotzen zaitu ikasbidaira?
Bai, nik uste dut gurasoek bakarrik ulertzen didatela. Bizipoza ematen dit honek. Beti izan naiz sartu naizen lanetan dena ematekoa, buru-belarri aritzekoa, eta 17-18 urteko gazteekin lan egiteak hunkitu egiten nau. Sentimendu horrek lotzen nau. Joan zen urtean kantua ere sortu zidaten! Ikusteak zein erraz kontaktatzen dudan nire biloba izan zitezkeenekin, zein harreman polita dugun, gauza handia da. Aurten ikasbidaira etorri diren gazteetako batzuen aittitta-amamak nire adinekoak dira, eta gauza kuriosoak sortzen dira halakoetan. Atera izan ditut gazteekin selfieak aittitta edo amamari bidaltzeko eta bueltan batek baino gehiagok erantzun die bilobei ‘zaindu Iñaki’.
Adin horretako gazteak dituzten guraso askori entzuten diegu zaila zaiela zuk hain erraz lortzen duzun harreman hori lortzea. Non dago sekretua?
Ez dut aparteko gauzarik egiten, baina esango nuke sentitzen duzun hori transmititzean dagoela giltza. Gustura ibiltzen naiz. Haserretzen gara, karakterra ere handia daukadalako, baina beraiengan interesa eta arreta jartzen dudala sentitzen dute eta estimatzen dute. Ospitalera lagundu behar zaiela, poltsaren bat lapurtu digutela eta Poliziara joan behar dela salaketa jartzera… 24 orduz egoten naiz haiekin. Denbora eskaintzen diet, eta esango nuke pertsonok beti estimatzen dugula beste norbaitek guri denbora dedikatzea. Gazteak eurentzat hain garrantzitsuak diren gaiei buruz hizketan hasten zaizkidanean, sentitzen dut badutela nirekiko konfiantza bat ere. Taldeko eta konfiantzazkoa ikusten naute, badakitelako daukadan onena jarriko dudala eurek ondo pasa dezaten.
“Musutruk egiteak ez du esan nahi ezer jasotzen ez denik bueltan”. Zeurea da esaldia.
Bai, ordain ekonomikoa jasotzea baino askoz gauza hobeak jasotzea badago, eta nik beti sentitu dut hori boluntario-lanean: asko jaso dudala bueltan. Uste dut euskal herritarrok oso gurea dugula hori, auzolanaren kultura. Gure kulturak bi adierazpide nagusi ditu: bata da euskara, eta bestea, elkarlana. Elkarri laguntze hori beti egon da gure baserrietan. Ondo edo gaizki egin, egiten duena beti saritzen dugu, borondatea eskertzen badakigulako. Urte asko eman ditut atzerriko Lanbide Hezkuntzako eskoletako irakasle eta ikasleak ekartzen dituen proiektu batean lanean eta nik Euskal Herrian ikusten dudana ez dut beste leku askotan ikusi, ez behintzat hemen bezain indartsu. Ibili naiz Frantzian, Ingalaterran, Danimarkan… eta ikusi dut herrialde horietan proiektu asko sortzen dituztela auzolanean, baina gehienez urtebeteko bidea eginda denak instituzionalizatzen direla. Hemen, ez.
Zer da zuretzat herrigintza?
Gauza handia da. Joan zen astean Nahaste Borraste izan genuen Elgoibarren, herriko proba entzutetsua, eta duela gutxi Karakate Bizirik plataforma ere sortu dute beste batzuek. Zenbat jende dago azkeneko bi ekimen horien inguruan? Asko. Badut gogoa Elgoibarri bizitasuna ematen dioten elkarteetan eta taldeetan zenbat jende ari den zenbatzekoa. Lan hori guztia kuantifikatu behar dugu. Askotan esaten dugu jendea ez dela mugitzen, militantzia apalduta dagoela, baina inor jarri al da pentsatzen zenbat jende ari den egunero-egunero beste batzuentzat edo denontzat musutruk lanean? Zer da Sanlo? Zer da Club Deportibo? Zer dira beste elkarte asko eta asko? Zenbat jende ari da bateko edo besteko errifak saltzen? Zenbat jende ari da gauza zail horretan, beste batzuentzat edo elkarte batentzat eskatzen?
Ikasbidaia prestatzeko lanari ere aparteko garrantzia ematen diozu. Nola antolatzen zarete?
Irailean hasten gara lanean. Behar dugun diruaren %30 beraiek lortzen ahalegindu behar direla esaten diet eta hori lana dela. Banatzen ditugu ardurak, erabakitzen ditugu egingo ditugun ekintzak, aukeratzen ditugu zeregin bakoitzerako arduradunak eta haien lana izaten da gero gainerako guztiak lanean jartzea, eta hori dena, egiten dugu modu asanbleario batean. Hezkuntzan zehar-lerro direnak ukitzen dira lanketa horretan. Sortzen zaizkien zailtasunentzako irtenbideak taldean bilatzen dituzte, hilean behin-edo areto nagusian egiten ditugun bileretan. Aurten ez dugu egiterik izan, COVIDagatik, baina bilera horiek oso garrantzitsuak dira. Gazteek askotan uste dute munduan burbuila bat direla, baina ikasbidaia prestatzen ikasten dute gauzak adosten, ikasten dute gauza batzuk isiltzen, ikasten dute beste batzuentzako lan egiten, ikasten dute ezer ez datorrela zerutik…
Zein izaten da zure lana bilera horietan?
Hitz egiten diet ikasbidaiaren filosofiaz, baina gero haiek erabakitzen dute zer egin eta nola. Ni ondoan izaten naute behar dutenerako, eta bilera horietan errespetuz hitz egiten dela eta halakoak zaintzeko. Gazteei asanbleen kontzeptua berria zaie. Ez daude ohituta gauzak talde handitan erabakitzera. Talde txikitan mugitzen dira beraiek eta askotan ez dute apenas harremanik beste talde batzuetako gazteekin. Eta bileren dinamika hasten dutenean konturatzen dira ikusi ere egin ezin zituztenak jatorrak direla, ez direla haiek uste bezain motzak, eta sortzen da harreman polit bat. Bitxia egiten zait ikustea bi urtean elkarri hitzik egin gabe egon direnak zein lagun egiten diren ikasbidaia prestatzen. Horregatik iruditzen zait honi eutsi behar diogula, bizitzarako oso irakaspen ona delako. Nirekin estreinako ikasbidaian izan zirenek 60-61 urte dituzte eta denek esaten dute esperientzia bitala izan zela eta ikasbidaiak lagatzen duen arrastoa betirako dela. Aurten hori falta izan da, asanbleen dinamika, eta baneukan ardura puntu bat, baina hala ere, ikusgarria izan da han nola konpondu diren, nola hartu duten elkar eta nola babestu diren. Sekulako jende eredugarria dugu.
Aurten, baina, "ukituta" itzuli zarela aitortu duzu.
Bai. Aurten gazteak iritsi eta hiru egun geroago iritsi nintzen ni Maltara, goizaldeko ordubietan, eta iritsi nintzean sekulako sorpresa nuen zain. Han neuzkan denak pankarta eta abarrekin hoteleko atean zain. Hunkigarria izan zen oso, eta erabat harrapatu ninduten. Izan dira gertaera batzuk gogorrak egin zaizkidanak ere. Maltak baditu leku ikusgarriak, baina bada parrandarako lekua ere, eta asteburuetan, bertako gizon batzuk agertzen dira parrandarako kalera, beren esku luzeak paseatzera. Aurten inoiz baino nabarmenagoa izan da eta insistenteagoak izan dira.
Ez da izango, orain, zorionez sentsibilizatuago gaudela halakoak salatzera?
Bai, hori ere bai, baina egia da niri orain arte ez zaidala etorri inor larrituta, onartezina zela esanez eta ‘orain zer?’ galdera eginez, eta ez dakit zer esan. Saiatu naiz askotan destinoa aldatzen, mila leku daudelako joateko eta ez zelako lehenengo aldia izango destinoz aldatzen duguna, baina Malta mitifikatuta dute gazteek. Hala ere, ikustekoa izan da taldekoek eurek, neska eta mutil, nola babestu duten elkar. Eta poztu naiz gure mutilek erakutsi duten jarreragatik ere. Mutilen aktibazio hori behar dugu, erasoak gizonezkoek egiten dituztelako. Poztu nau, era berean, izan diren zailtasunen aurrean gazteek erakutsi duten jarrera baikorrak, gazteen alaitasun horrek.
Gazteez ari garenean, badago negatibotzat ditugun kontu asko haiei lotua ikusteko joera. Gazteak dira berekoiak, alferrak, ez dira batere ekintzaileak… Zuk beste modu batean hitz egiten duzu haietaz.
Ez nagoelako konforme guztiarekin. Aurreko astean mundu osoko hogeita bost bat gazterekin egon nintzen Lanbide Heziketako World Federation of Colleges and Polytechnics egitasmoaren baitan, eta nik garbi daukat gaztea noblea dela, zintzoa dela eta guk gaztetan genituen baino gaindituago dituztela aurreiritziak, errazago harremantzen direla ezberdinekin. Ekintzailetzaz gauza asko esango nituzke, baina denak ezin daitezke esan. Gure garaian ikasten ez zutenek ere lana zeukaten, eta baldintza horretan ekintzaile izatea askoz da errazagoa. Ez zen gaur besteko presiorik ere. Lehen tornua erosten zuenak bazekien beti egongo zela norbait bere piezak erosteko. Orain ez dago hori, eta gainera, bestelako presio hori, burokraziak sortzen dituen zailtasun guztiak, ikaragarri ugaritu da. Badago, bestetik ere, jakina. Gaur egungo gazte asko oso eroso bizi dira dutenarekin, esfortzuaren kultura ere galdu da, eta gainera, guk izan genuenaren aldean, aisialdia eskaintza ere handia da gaur. Pilota, mendia eta futbola genituen guk, eta orain askoz zabalagoa da eskaintza hori.
Gizartea aldatu egin da, eta gazteak ere aldatuko ziren, ala? Zertan?
Erreparo pixkat ematen dit arin erantzuteak, baina laburrean esango nizuke gazteek nahi zutena eta bi egiten zutela lehen ikasbidaian eta ni ez nintzela erdiaz ere enteratzen. Orain, berriz, dena kontatzen dute, egin aurretik askotan. Azalpen ezberdinak izan ditzake horrek: batetik, umeagoak direla orain, beste modu batera hezi eta hazi ditugulako, eta bestetik, Francoren itzalpean hasitakoak ohituago zeudela dena ezkutuan egitera. Bestetik, esango nuke ezberdina den hori ulertzeko ahalegin handiagoa egiten dela gaur, denbora emanez gero. Eta iruditzen zait balio handia dela hori. Gaztetasunari lotutako beste mila kontu beti izango ditu gazteak: beti izango da errebeldeagoa, ez ditu gauza denak guk nahi bezala egingo eta beste hamaika kontu, baina gazteekin lan egiten asko ikasten dugu helduago garenok ere. Nire adinekoei galdetu etorkizunaz eta konturatuko zara askoz ezkorragoak direla. Adinarekin lotutako kontua da hori, nik uste, baina bizitza alai bizitzeko da.