Elgoibarren bariku honetan, uztailaren 15ean, egingo dituzte odol-ateratzeak, Jubilatuen Biltokian, King-kong eraikinean. 16:30etik 20:10era bitartean arituko dira osasun arloko profesionalak lanean, baina antolakuntza lanak errazteko aurrez izena emateko eskatu dute elkartetik. Ordua eskatzeko 623 328 408 telefono zenbakira deitu behar da, eguaztenetik aurrera, (15:00etatik 20:00etara), edota bestela whatsappa idatzi.
Sasoi honetan ohi denez, dei berezia egin du Gipuzkoako Odol Emaileen bankuak, odola ematera joateko. Herritar ugari oporretara joaten denez, odol erreserbak ziurtatu egin nahi dituzte, ospitaleetan odol beharra ez baita txikiagoa izaten uda izan arren. "Horregatik, betiko odol emaileez gainera, noizean behin etortzen direnak edo inoiz etorri gabekoak ere animatu nahi ditugu odola ematera", adierazi dute Elgoibarko Odol Emaileen Elkartetik.
Euskadiko Odol Emaileen elkarteak bere webgunean eguneratzen ditu erreserba-mailak. Horrela, noiz eta zein odol-taldetako donazioak behar dituzten ikus dezakete odol emaileek eta herritarrek.