Anhelina Drozd ukraniarraren testigantza entzuteko aukera izango da bihar Mendaron, 'Zerua eta garia' proiektuaren aurkezpenaren baitan

Barren.eus 2022ko uzt. 13a, 10:52

'Zerua eta garia' garagardo-azoka zabalduko dute bihar, uztailak 14, Mendaron. Lau eguneko azoka izango da, eta betea dator egitaraua. Bihar, aurkezpen eguna izango dute eta arratsalderako ekitaldi berezia antolatu dute.

Diruz lagundu asmo dituzten hiru elkarteen (Asociación Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ucrania-Euskadi) egitekoen berri emango dute kideek eurek eta testigantza berezi bat ere lotu dute, Anhelina Drozd ukraniar gaztearena. San Agustin kulturgunean izango da saioa, 18:00etan hasita.

Zerua eta garia garagardo azokaren barruan, Ukraniaren Eguna izango dute bihar, Mendaron. Yulia Prokopenkok, Mendaron bizi den ukraniarrak, prestatutako jantzi tradizionalen erakusketarekin zabalduko dute lau eguneko jai-egitaraua. 17:30etik 19:30era egongo da erakusketa ikusgai, jubilatuen ondoko lokalean (igandera arte bisitatu ahal izango da). Ekitaldi nagusia, 18:00etan hasiko da, San Agustin kulturgunean. Azokan biltzen den diruarekin lagundu asmo dituzten hiru elkarteak aurkeztuko dituzte, eta Anhelina Drozden (Gostomel, Ukraina, 20 urte) testigantza entzuteko aukera ere izango da. Asociacion Txernobil Elkarteko harrera-familia batera etorri izan da lau urtez Anhelina Drozd, Donostiara. Gostomelgoa da Drozd jaiotzez, Kievetik oso gertu dagoen herri batekoa, eta gerran etxea galdu dute. Amarekin, aiton-amomenekin eta 15 urteko ahizparekin bizi zen Gostomelen gerra hasi arte, eta martxoaren 9an irten zen Ukraniatik Euskal Herrira, ihesi, ahizparekin batera. Aiton-amona eta ama Kieven bizi ditu egun, Gostomelgo etxea galdu dutelako gerran. Anhelina Donostian bizi da orain eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ari da lanean, itzulpen lanak egiten.

 • Borsch gorria zerbitzatuko dute azokan
Aurkezpenak irauten duen tartean, Garagartzako plazan, ukrainar koroak egiteko haurrentzako tailerra antolatu dute biharko. Eta 20:30ean hasiko dira afaria zerbitzatzen, frontoian. Menu berezia izango da bihar gauekoa. Gerratik ihesi Mendarora iritsi den Nina Ilnytskak eta boluntario talde batek prestatutako Borsch gorria zerbitzatuko dute bihar azokan. Ukrainan ez ezik Europa ekialdeko herrialde askotan prestatzen dute jakia da Borscha, barazkiz, lekalez eta haragiz egindako gisatu modukoa. Kilimon elkartean sukaldatuko dute. Borschaz gain Mendaroko Gallet-Tiak emandako postrea eta kafea izango dira biharko menuko osagaiak, eta 8 euroan salduko dira. Afaritarako izena eman behar da, 943 030 150 telefono zenbakira deituta.

Gauean, 'La Zona' filma proiektatuko dute San Agustin kulturgunean.

 EGITARAUA (Ukrainaren Eguna, uztailak 14)

  • 17:30-19:30 Ukraniako jantzi tradizionalen erakusketa, Jubilatuen ondoko lokalean
  • 18:00-20:00 'Zerua eta garia' proiektuarekin lagundu asmo diren hiru elkarteen aurkezpena eta testigantzak
  • 18:00-20:00 Ukraniar koroak egiteko tailerra haurrentzat Garagartzako plazan
  • 20:30-22:00 Ukraniako afari berezia, frontoian.
  • 22:00-23:30 'La zona' filmaren proiekzioa, San Agustinen.

AFARIRAKO IZENA EMATEKO, DEITU: 943 030 150. Menua: Borscha + postrea + kafea = 8 euro

 

∞Lotura duten albisteak: