Debabarrena Mankomunitatetik zehaztu dutenez, legeak eskatutako gutxieneko tasak betetzen ditu eskualdeak, baina Mankomunitateak urrats bat gehiago eman nahi du, eskualdea ingurumenarekiko "mesedegarriagoa" izan dadin. "Legeak 2020rako %50eko tasa izatea eskatzen zuen, eta eskualdeak bete zuen konpromisoa. 2025erako, aldiz, %55eko tasa izatea eskatzen du eta, egun betetzen den arren, kezkatuta gaude azken datuei erreparatu ondoren", adierazi dute arduradunek.
Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizek adierazi duenez, legeak eskatzen duena betetzen duten arren, herritarren, enpresen eta eragileen inplikazioarekin, eskualdeko gaikako bilketaren tasa hobea izan daitekeela uste dute. "Mankomunitatetik lanean jarraituko dugu gure eskumenaren baitan dauden urratsak ematen, hala nola, bilketa zerbitzuan hobekuntzak txertatuz eta gizarteko kolektibo guztiengan eragiteko ahalegina eginez”.
Udako hilabeteei begira, “normalean uztailean eta abuztuan birziklapen datuek okerrera” egiten dutela adierazi du Arraizek, eta egoeraren aurrean, “arduratsuak izateko deia egiten diegu Debabarrenako herritarrei, guztion artean soilik lortuko dugulako Debabarrenan gaikako bilketa datuak hobetzea eta eskualde jasangarriagoa izatea. Ezinbestekoa da guztion inplikazioa, eta egunerokotasunean birziklapen ohitura egokiak praktikan jartzea eta sustatzea, etxean, lanean eta kalean.”
Erronka nagusia: organikoa eta ontzi arinak behar bezala sailkatzea eta errefusa murriztea
Edukiontzi marroian agertzen diren inpropioen kopurua handitzen ari dela adierazi du Mankomunitateak, eta gogorarazten du janari hondakinak, inausketa-hondakin txikiak, saltsekin zikindutako paperak etab. soilik jaso daitezkeela edukiontzi marroian. Horrez gain, azpimarratu du hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan soilik jaso behar direla, eta ezin direla plastikozko poltsetan jaso. Izan ere, edukiontzi marroietan identifikatu diren inpropioen artean plastikozko poltsa ugari agertu dira eta hauek edukiontzi guztia kutsatzen dute, eta, ondorioz, bertan dauden hondakin organikoak ezin dira birziklatu.
Ontzi arinak egoki sailkatzea ere Debabarrenak eskualde gisa duen erronka nagusietako bat da, eta baita errefus kopurua murriztea, izan ere, Mankomunitateak 2021ean egindako azterlan baten arabera, errefusaren edukiontzi grisean uzten diren hondakinen %60a baino gehiago material birziklagarriak dira. Hori horrela, Mankomunitateak birziklatzeko ohiturak berreskuratzeko eta sustatzeko eskatu die herritarrei, eskualdea jasangarriagoa eta ingurumenarekiko mesedegarriagoa izan dadin.
• Kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatu
Irailetik aurrera, kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatzeko proiektua abiaraziko du Debabarreneko Mankomunitateak. Helburua da zerbitzu horien efizientzia handitzea, besteak beste, edukiontzien egoera digitalki jarraituz. Mankomunitateko presidente Iosu Arraizek esplikatu duenez, digitalizazioaren bitartez, errazago identifikatuko dituzte “behar diren hobekuntzak” eta argiago ikusiko dituzte “barne antolaketa mailan dauden premiak”.
Bi fase izango ditu Mankomunitatearen zerbitzuen digitalizazioak. Irailean abiaraziko dute lehena, proba fasea, zerbitzua lizitatu eta berehala. Urtebeteko iraupena izango du eta hondakin bilketaren hiru ibilbidetan eta kale garbiketarako bi ibilgailutan ezarriko dute. Proba faseko emaitza egoki ikusten badira, Mankomunitatearen zerbitzu guztietan aplikatuko da digitalizazioa: 47 ibilgailutan eta 2.428 edukiontzitan.
Jarraipena tag-a eta GPS bidez
Proiektuaren berri emateko Eibarren izandako prentsaurrekoan, Asier Lekube Badesako gerenteak esplikatu duenez, edukiontzietan tag batzuk jarriko dituzte, ontziak lokalizatuta egon daitezen eta haien egoeraren gaineko kontrola eskuratzeko. Besteak beste, edukiontziak pisatzeko sistema izango dute eta oro har, ahalbidetuko du puntu bakoitzaren gaineko jarraipen zehatza egitea.
Ibilgailuei dagokienez, berriz, ordenagailuak eta GPS sistema ezarriko dizkiete. Haien bitartez, aurreikusitako eta egindako zerbitzuaren artean izan litezkeen balizko intzidentziak detektatuko dituzte eta konponbidea emateko eta zerbitzuak hobetzeko neurriak hartu.
• Irailean esleituko dute
Digitalizazio proiekturako aurrekontua da 779.886,44 eurokoa (BEZ barne). Hiru enpresa aurkeztu dira deialdira eta irailean esleituko dute zerbitzua. Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak esan duenez, zerbitzuen eraginkortasuna bermatzeaz batera, digitalizazioak Mankomunitateko lanaren barne-antolaketan aldaketak ekar ditzake.