Pandemia aurreko datuetara gerturatzen ari da Udal Kirol Patronatuko abonatu kopurua

Barren.eus 2022ko uzt. 15a, 11:13

Udal Kirol Patronatutik jakitera eman dutenez, 4.200 abonaturekin itxi dute 2021-22 ikasturtea, urteko bazkide kopuru altuenarekin. Zehaztu dutenez, uda garaiaren ondorio da datu hori, Mintxetako igerilekuak erabiltzeko abonua ateratzen duten lagunak ere zenbatzen baitituzte. Hamar elgoibartarretatik ia lau dira Kirol Patronatuko abonatuak.

Kirol Patronatutik argitu dute abonatu kopurua jaitsi egin dela koronabirusaren pandemia hasi zenetik. Bataz beste, 4.500 abonatu izan ohi zituen Udal Kirol Patronatuak 2019a bitartean. "Pixkanaka pandemia aurreko datuetara ari da hurbiltzen Patronatua, baina Covid-19aren osteko ziurgabetasunak eta krisi ekonomikoak eragin zuzena izan dute jaitsiera horretan", arrazoitu dute.

Generoari dagokionez gizonezkoen eta emakumezkoen abonatu kopurua nahiko parean dela nabarmendu dute; abonatuetatik 2.008 emakumezkoak dira (%48) eta 2.208 gizonezkoak (52). Adinari dagokionez, abonatu kopuru handiena duen adin tartea 19-60 urte bitartekoa da (2.443), hurrengoak 1 – 18 urte bitartekoa (1.485) eta 60 urtetik gorakoak bitartekoa (288) izanik.
Herritarren %35a da abonatua, kontuan izanik Elgoibarrek 11.750 biztanle dituela. "Euskadi mailan abonatuen batazbestekoa %31 da, 5.000-20.000 biztale bitarteko herrietan".
Elgoibarren dituen kirol Kirol azpiegituren erabilera ere oso altua dela azpimarratu dute, eta Olaizaga Kiroldegia, Mintxeta eta IMH kiroldegia dira erabilienak.

 • Ikasturte berria irailaren 1ean hasiko dute
2022-23 ikasturtea irailaren 1ean hasiko da.  Egun horretan hasiko dira igeriketa eskola, igeriketa ikastaroak, jaio berrien eta haur txikien igeriketa ikastaroak, igeriketa egokitua, e.a. Ikastaroetan lehen aldiz parte hartzen duten haurrentzako proba eguna gaur izango da, uztailak 15.
Aretoko jarduerak ere irailaren 1ean hasiko dituzte: Elgoibar Sasoian, Zumba, Spinning, K-stretch, kickboxing, pilates eta yoga. Berrikuntza bat ere eskainiko du Udal Kirol Patronatuak, irailaren 1etik aurrera: Mintxetako muskulazio gelan entrenamentu pertsonalizatua eskainiko dute 14-16 urte bitarteko gazteentzat.

2022 07 15 mintxeta elgoibar kardio aretoa