Motxaila Band elektrotxarangak hasiko ditu santanak

Barren.eus 2022ko uzt. 22a, 12:41

Bilboko konpartsakide egunean eta Markina-Xemeingo karmenetan jotzetik datoz Mendaroko Motxaila Band elektrotxarangakoak, eta bihar Mendaron joko dute. Agur itxurako saioa izango da biharkoa.

 

 • Nola hartu duzue jaiak hasteko eskaintza?
Oso pozik. Ez genuen espero eta sekulako ilusioa egin digu. Taldekideren batek izan du ohore hori aurrez, baina talde moduan jaso dugu orain aukera hori eta sekulakoa da guretzat, are gehiago orain, taldea desegitera goazenean. Puztu-puztuta amaituko dugu ibilbidea.

 • Biharko Kuadrilla Egunak itxura ezin hobea du ba!
Bai, gu geu sekulako ilusioarekin gaude. Normalean, deitzen diguten lekuetara joaten gara, aukeraketa bat eginda, baina oraingoan ezberdina izan da. Ez genuen amaitu nahi Mendaron jo gabe eta geu joan ginen orain hilabete inguru udaletxera aukera horren bila. Esan genien guretzat gauza handia litzatekeela santanetan jotzea, bereziki Kuadrilla Eguneko bazkalostean, eta beso zabalik hartu gintuzten. Eta ondoren deitu ziguten txupina bota nahi ote genuen galdezka. Sentitu gara maitatuak, herriarentzako garrantzitsuak bagina bezala, eta sekulako ilusioarekin hartu dugu Udalaren proposamena.

 • Murrizketarik gabeko jaietara itzuliko gara eta inguruko herrietan ikusi dugu zer festa gogoz dagoen jendea. Zer esan nahiko zeniekete mendaroarrei?
Gozatzeko, jaiak hortarako direlako. Gogorrak izan dira bi urte hauek eta elkarrekin egoteko aukera guztiak baliatzeko esango genieke. Horixe: gozatzeko, eta zentzunez jokatzeko.

 • Agur itxura du santanetako programan argitaratu duzuen testuak. Zer du esateko Motxaila Bandek?
Mendaron azkenekoz joko dugu bihar, bai. Agurra izango da, berezia eta emozioz beterikoa. Uste dut ez garela oso kontziente zer datorkigun bihar, egia esan. Dena ematera irtengo gara eta aurreratu dezakegu magikoa izango dela. Gure lagunak, taldeko sentitzen ditugun denak, akorduan izango ditugu. Aitor Agirrebeña eta Mikel Tarragual adibidez, haiek gabe gaur ez geundekeelako gauden lekuan. Josu Motrikok eta taldekide izandako Enekoitz Zubiaurrek eta Borja Rodriguezek, berriz, gurekin joko dute. Eta baita Andoni Riañok ere. Azkeneko urtean gurekin jotzea proposatu genion Riañori eta orain zazpi gara, sei beharrean. Musikari ezin hobea da, eta beste maila batean jarri du Motxaila Band. Pena bakarra daukagu: aurretik esan ez izana. Magikoa izango da biharkoa. Motxaila Banden behin betiko agurra Durangon izango da, urriaren 14an. Hasten denak beti izan behar du azken bat eta iruditzen zaigu 15 urte badirela nahikoa urte gurea bezalako elektrotxaranga batentzat.