1943ko abenduaren 1ean jaio zen Gregorio Larrañaga Mandiola Larruskaingo Mañukorta baserrian eta jaiotetxearen izenez egin zen ezaguna bertso munduan zein bestela. 11 urterekin hasi zen soltapean lanean, eta 1967an, 24 urte zituela, Ameriketara joan zen artzain. Sei urte egin zituen Nevadan. Handik bueltan, Danobaten hasi zen lanean, eta Cikautxon hartu zuen gero erretiroa.
Bertsotarako zaletasuna amaren familiarengandik jaso zuela zioen beti, eta berezia zen haren bertsokera, zuen umoreagatik eta etorriagatik bereziki, baina baita erantzuteko orduan zuen eztenagatik ere. 1960an hasi zen bertsotan plazan, Markinan. 80ko hamarkadan egin zen bertso munduan ezaguna. Plaza gehien egiten zituen bertsolarietako bat izan zen 80ko hamarkadan. 1989ko Txapelketa Nagusiko finalera sailkatzeko pauso batera gelditu zen, eta Orixe eta Xenpelar sariak ere irabazi zituen. Bertsolari maitatua zen, eta arrasto luzea laga zuen Euskal Herriko herri askotan, baita Elgoibarren eta Mendaron ere. Bazituen hutsik egiten ez zituen zitak. Mendaron, esaterako, urte askoan parte hartu zuen santa eskean nahiz Aingeru Guardako jaietan, eta Elgoibarko Arriaga auzoko jaietara agertzen ere errimea zen. Uxue Alberdik Mendaron kantatu bezala, aurpegi osoarekin egiten zuen bertsotan, eta egiten zituen imintzioengatik-eta, imitatzaile asko atera zitzaizkion. Ez zitzaizkion beti gustatzen, errespetua ere galdu izan zitzaiolako batzuetan, baina duintasun handiz eraman zuen.
Orain urte batzuk, 2018ko ekainean, bere bizitzako ibilbidearen berri eman zion Mañukortak BARRENi, San Migel-Aiastiako elkartean, aiastiako auzotarrek egin zioten omenaldiaren aitzakian. Izan ere, etxekotzat zeukaten Mañukorta Aiastian eta baita Elgoibar zein Mendaroko beste hainbat txokotan ere.
- Irakurri hemen: Gregorio Larrañaga 'Mañukorta'k BARRENi emandako elkarrizketa -PDF-