Herriko erraldoietako bik, Aszensio Altzolak eta Katalina Ibarrak, herriko pertsonaia historikoak irudikatzen dituzte. Aszensio Altzola Elgoibarko Altzola auzoan jaio zen eta bertako ibai-portutik jardun zen lanean. Altzolatar merkatarien familiako gizon nabarmenetakoa izan zen. Hiru galeoi izan zituen distantzia handiko merkataritzan aritzeko: Euskal Herriarekin ez ezik, Sevillarekin, Portugalekin, eta Hondurasekin, Mexikorekin eta Santo Domingorekin izan zituen merkataritza-harremanak. 1549an ezkondu zen Katalina Ibarrarekin, eta ezkondu zirenean jaso zuen dorretxea jabetzan, bere osabaren eskutik. Aszensio Altzola Elgoibarko alkate ere izan zen 1564-1565 urteetan, eta 1572an hil zen.
Bi erraldoi horien gomazko erreplikak izango ditu Elgoibarrek aurrerantzean. Erraldoi eta buruhandiek herrian duten estimazioa ikusita, iaz erabaki zuen Udalak Elgoibarko erraldoien miniaturak egitea. Bikotea egitea adostu zuten, eta Elgoibarko pertsonaje historikoen bikotea aukeratu zuten txikian egiteko. Iruñeko Olentzero enpresari egin zioten enkargua. Olentzero enpresa izan zen erraldoien miniaturak egiten lehenengo enpresa. Europako erraldoi bikotearen gomazko miniaturak izan ziren egin zituzten lehenengoak, Josemiguelereico eta Josephamunda. Iruñeko erraldoiak egin zituzten ondoren, eta ordutik ez dute atsedenik izan. Enpresa gehiago ere hasi ziren zeregin honetan, eta gaur egun herri askotako erraldoien panpinak daude, Idoia Ortega eta Gorka Alonso elgoibartarrek iaz Kultur Etxean ipini zuten miniaturazko erraldoien erakusketara hurbildu zirenek egiaztatu ahal izan zuten moduan Euskal Herri osoko 180 bat erraldoi txiki dituzte guztira, eta abuztuaren 22tik aurrera, Elgoibarkoak erosteko aukera ere izango dute.
• Salgai ipiniko dituzte
San Bartolome jaietako egitarauaren barruan, hilaren 22an aurkeztuko dituzte Aszensio Alzola eta Katalina Ibarra txikiak. 19:00etan izango da ekitaldia, Kultur Etxean. Behin aurkezpena eginda, Azkue argazki dendan eta Pitxintxun erosi ahal izango dira. 5.893,18 euroko aurrekontua izan dute erraldoi txikiek. Moldea egiteak 4.360 euroko kostua izan du, eta gainerakoa pieza kopuruaren kostua izan da. Guztira 40 bikote eskatu dituzte.
Miniaturak gomazkoak dira, eta umeen jostailu moduan homologatuta daude. Goma nahiz erabiltzen duten pintura ez dira toxikoak, eta edonork jolasteko moduko piezak dira. 24 zentimetroko neurria dute.
Miniaturak egiteko prozesua luzea da. Lehenengo moldea egin behar da argizariz, eta behin bezeroak molde hori ontzat ematen duenean, molde hori erabiltzen da gomazko figura egiteko.
Azkenik, margotu egin behar da, erraldoi originalaren itxura berberarekin. Beheko argazkietan ikusi daiteke Aszensio dagoeneko prest dagoela, baina Katalina margotze prozesuan dago oraindik.
• Erraldoien eta buruhandien urtea
Zalantzarik gabe erraldoien eta buruhandien urtea izaten ari da aurtengoa Elgoibarren. Lehenik eta behin, bi urteko itxaronaldiaren ostean aurrenekoz kalera irten ziren Udalak erosi zituen lau buruhandi berriak (Basajaun, Basandere, Tartalo eta Mari), joan zen apirilaren 30ean. Gero, maiatzaren 28a, egun gogoangarria izan zen buruhandi eta erraldoi zaleentzat, estreinakoz egin baitzuten Elgoibarren Erraldoien Topaketa. Bergarako, Bilboko, Txantreako eta Elgoibarko erraldoien konpartsek euren erraldoien erakusketa egin zuten goizean Kalegoen plazan, eta arratsaldean kalejiran ibili ziren.