Elgoibarko Udalak, San Bartolome jaietan ere, eraso matxistarik gabeko herri baten alde egin nahi du, eta horrexegatik, herriko talde feministei eta ostalariei lankidetzan aritzeko proposamena egin die. Udalak uste du denon ardura dela festak guztiontzat seguruak eta gozagarriak izateko lan egitea; eta bide horretan, ezinbestekoa dela eraso matxisten prebentzio lanetan herriko eragile ezberdinak lankidetzan aritzea.
Aurtengo jaietan, bi egunetan izango da Beldur Barik Gunea, hau da, eraso matxisten prebentzio eta aholkularitza zerbitzua: abuztuaren 26an, eta 27an, barikua eta zapatua, Maalako parkean, 22:00etatik 1:00etara.
Gainera, abuztuaren 23an, bezpera egunean, 18:30ean, herriko emakumez osatuta dagoen Uluka Batuka taldearen saio erreibindikatzailea izango da Kalegoen plazan. "Jaien hasieran garbi utzi nahi da, jai parekideak lortu behar ditugula, eta hori guztion erantzukizuna dela. Beraz, elkarretaratze ekitaldiarekin bat egiteko deia egin nahi zaie herritar guztiei", azaldu dute kanpainaren sustatzaileek.
Halaber, abuztuaren 25ean, Txiki egunean, 13:00ak eta 16:00ak bitartean, Kalebarren plazan, “Jaietan ere, indarkeria matxistari EZ!” fotokolaren 4. edizioa egingo da, herritarrei argazkiak egiteko.
Bukatzeko, herriko ostalariei prebentzioan laguntzeko lankidetza proposamena egin zaie, eta kanpainan parte-hartzeko prest agertu diren hamabi ostalarien bitartez, txapa moreak, betaurreko morea, eta antzerakoak banatuko dituzte, identifikatzen diren erasoak salatzera animatzeko. Honekin batera, Lilakideekin batera landu den protokoloa ere banatuko dute, eraso matxista baten aurrean jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen protokoloa, hain zuzen. Poltsikorako esku-orri formatuan banatuko dute, uneoro soinean eraman ahal izateko.
Kanpaina bultzatzen duten erakunde eta elkarteen iritziz, jaietan ere islatu behar da "berdintasunezko gizartearen aldeko lana, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartearen aldekoa. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzakia emakumezkoen eta gizonezkoen eta neska eta mutilen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko". Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dute emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra egiteko. Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera, alegia. Eta herritar guztiei dei egiten diete jaietan ere jarrera sexistarik gabeko espazioak sorrarazten laguntzeko.