Kirolak eta euskarak duten harremanaren erretratua osatu dute 'Euskara ala ezkara kirolean?' jardunaldian

Barren.eus 2022ko ira. 3a, 21:36

Zein da Elgoibarren kirolak duen dimentsioa eta eragina? Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? Zer ematen dio kirolak Elgoibarren ongizateari eta herrigintzari oro har?. Galdera horiei eta antzeko beste batzuei erantzun diete gaur Elgoibarren 'Euskara ala ezkara kirolean?' jardunaldira batu direnek. Kirola eta herrigintza hitzetik hortzera erabili dituzte hizlariek eta Elgoibarko euskararen ezagutza eta erabilera datuak ere aletu dituzte, bai orokorrak, bai eta kirol eremukoak ere. Ekitaldia, kirolean, sarri itzalean, lan handia egin duten sei emakume omentzeko ere baliatu dute antolatzaileek. 

 Elgoibarko Izarrak eta Udaleko Kirola eta Euskara sailek antolatu dute jardunaldia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesarekin, eta 70 bat lagunek eman dute izena saiorako. Ohi legez, hitzaldi formatoa eta mahai-ingurua uztartu dituzte IMHko areto nagusian egin den jardunaldian. Ramon Mujika Elgoibarko Kirol Patronatuko zuzendariak eta Kristina Zuatzubizkar Euskara teknikariak herriko kirolaren mapa eta euskararen egoeraren irudia marraztu dituzte, datuekin lagunduta, eta datu horien interpretazioa egin du gero Jone Miren Hernandez Garcia EHUko Gizarte antropologiako irakasleak, bere hitzartzearen lehenengo zatian. Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? izan du, hala ere, hitzaldirako gaia. Iñaki Ugarteburu Bergarako Kirol Patronatuko zuzendariak, berriz, kirola eta herrigintza izan ditu hizpide. Kirolak batu egiten gaituela nabarmendu du Ugarteburuk: "Kirola herrigintza da". Kirolaren bueltan gizartea kohesionatzen dela azpimarratu du, eta elkarlana, elkartasuna, arauen errespetua, esfortzuaren kultura... moduko baloreak ematen dizkigula kirolak. Ondoren, kirola hizkuntzaren normalkuntzarako zein bitarteko eraginkorra den erakusteko bi adibide aurkeztu dituzte: S.D. Deusto klubean, Berbaizu euskara elkartearekin elkarlanean, 2021ean abiatutako 'Hitza Hartuz dinamika' eta Tuterako Union Tutera kirol elkartearena, biak ala biak eredugarriak. Ondoren, eliteko kirolarien bizimodua zelakoa den ezagutzeko aukera izan dute IMHra batu direnek. Eliteko lau kirolari gonbidatu dituzte antolatzaileek: Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, June Loidi eskubaloi jokalaria, Iraia Iparragirre futbolari eta Realeko kapitaina eta Jokin Altuna pilotaria. Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko esatariak zuzendu du mahai-ingurua. Ordubetez aritu dira kirolariak Apaolazaren galderei erantzunez, umore giroan.

 
Omenaldia
 
2022 09 03 euskaraalaezkara biba zuek omenduak
 
Bukatzeko, kirolean, sarri ezkutuko lanean jardun diren sei emakume omendu dituzte antolatzaileek: Virginia Santamarta (Morkaiko Mendziale Elkartea),  Marta Diez (C.D.Elgoibar), Marga Zapata (Urnobitza Motokluba), Mertxe Ariznabarreta (Lagunak pilota taldea), Pili Pedrosa (Sanlo eskubaloi kluba) eta Mertxe Martinez (Mintxeta Atletismo Taldea). Txalo zaparrada handi batekin hartu dituzte sei omenduak ikus-entzuleek oholtzara igo direnean, eta oroigarri bana banatu diete Ane Beitia alkateak eta Iñaki Konde Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko presidenteak.
 
Gaurkoak eman duenaren laburpen osoagoa BARRENek irailaren 16an argitaratuko duen zenbakian jasoko duzue, bai eta BARREN.EUS-en eta 'Euskara ala ezkara' webgunean ere, bideo guztiak prest izan bezain laster.