Irailaren 22ra arte eman daiteke izena bertso eskolan

Barren.eus 2022ko ira. 5a, 15:16

Elgoibarko Bertso Eskolak ikasturte berria hasiko du irailaren 26an. 8 eta 16 urte arteko gaztetxoentzako saioak eskainiko dituzte, astean behin, Aita Agirre eraikinean.

Interesatuek irailaren 22ra arte dute izena emateko aukera, 943 744 366 telefonora deituta edo euskara@elgoibar.eus helbidera idatzita. Aurtrez aurre ere eman daiteke izena, Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean (Aita Agirre kulturgunea, 1.solairua, ezk.).
Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Ekintza honen osagarri, 2020an, Bertso-eskola jarri zuen abian Udalak, eta ikasturte honetan ere, bertso-eskolari jarraipena eman nahi dio.
Parte hartuko dutenen adin tartea LH3tik DBHra artekoa izango da, biak barne. Ikasle taldeak osatuz gero, saioak astelehenetan egingo dituzte, irailaren 26tik aurrera, Aita Agirre kulturguneko Areto nagusian, 17:00etan edo 18:15ean hasita, eta ordubetez.