Egunean, 645 kilo hondakin ontzietatik kanpo

Barren.eus 2022ko ira. 8a, 10:06

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak jakinarazi duenez, 2022ko lehen seihilekoan 115.600 kilo hondakin kilo jaso dituzte edukiontzietatik kanpo lagatakoak, batez beste, egunean, 645 kilo inguru.

Mankomunitatetik gogora ekarri dute ontzietatik kanpo lagatako hondakinen poltsak ez direla birziklatzen. Gaineratu dute inspekzioak egiten segituko dutela.

Mankomunitateak jakinarazi duenez, uztailera bitartean 59 inspekzio egin dituzte edukiontzi inguruetan eta besteak beste, atestatu bat egin du udaltzaingoak ontzien kanpoan lagatako poltsak direla-eta.

Gogora ekarri du ontzietatik kanpo lagatako hondakin horiek ingurua zikintzeaz gain, kamioiek jasotzen dituztenean ez direla birziklatzen, nahiz eta poltsa barruko hondakinak modu egokian sailkatuta egon. Izan ere, kanpoan geratzen diren poltsak beste kamioi batek jasotzen ditu eta hark ezin ditu poltsa guztiak bereizi. Horregatik azpimarratu du hondakinak edukiontzi barrura sartu beharra dagoela.

 • Hondakinak nora
Debabarrenean batzen diren hondakin organikoak Epelera (Bergara) bideratzen dira konpost bihurtzeko; papera eta kartoia Zornotzara (Saica enpresera), birziklapenerako; ontzi arinak Legazpira, Ecoembes-era; plastiko gogorra Aizarnazabalera (Recuperados Isasi enpresara) eta, azkenik, egurra Legazpira (Egondo).

Bestalde, Mankomunitateak gogorarazi du kartoi komertziala bakarrik laga daitekeela edukiontzi kanpoan, dagokion ordutegian; Elgoibarren kasuan, 18:00etatik aurrera eta Mendaron 17:30etik aurrera.