Donostiako zinemaldiaren 70. edizioaren bezperan hasiko da Elgoibarren Iñaki Agirre zikloaren IV. edizioa

Barren.eus 2022ko ira. 11a, 17:05

Nazioarteko zinemaldietan ikusitako film arrakastatsuenen artean egindako aukeraketa prestatu du Ongarrik. Ferit Karahan zuzendari kurdoaren Brother’s keeper (Mi mejor amigo) filmak hasiko du zikloa.

Horrez gain, Amerikako Estatu Batuetako bi film (Mass eta Red rocket) eta Frantziako film bat, Les Olympiades (Paris, distrito 13), ikusteko aukera izango dugu irailaren 15etik aurrera.

 Donostian, bestalde, Zinemaldiaren 70. edizioko Donostia sariak Juliette Binoche eta David Cronenberg zuzendariak jasoko dituzte. Glenn Close izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren zuzendaria eta Penelope Cruzek Zinematografia saria jasoko du. Horiez gain, Diane Kruger, Liam Neeson eta Ricardo Darin aktoreak, besteak beste, Donostian izango direla baieztatu dute. Bi urteko murrizketen ondoren alfonbra gorria jendez beteko da Donostiara datozen izarrak ikusi eta autografoak eskatzeko. Aurtengo programazioan guztira 17 euskal ekoizpen aurkeztuko dira.
Fermin Aiok zuzendutako 'Kepa Junkera berpiztu' dokumentala eta Fermin Muguruzaren 'Black is beltza II: Ainhoa' estreinatuko dira, besteak beste.

  'Mi mejor amigo'
Yusuf eta Memo, bere lagunik onena, gazte kurduentzako barnetegi bateko ikasleak dira Anatoliako mendietan. Memo ondoezik sentituko da eta Yusufek, lagundu ahal izateko, eskolako oztopo burokratikoei aurre egin beharko die. Ferit Karahan zuzendariak barnetegi batean ikasi zuen eta haurtzaroko oroitzapenei heldu die film honetan. Haur kurdu gisa Turkian haztearen esperientzia traumatikoa izan du oinarri bere bigarren fi lmean. Fipresci saria eskuratu zuen Berlinalen eta ordutik ibilbide luzea izan du hainbat zinemalditan.

  • Irailak 15, eguena, 21:00etan.
  • Irailak 16, barikua, 19:00etan.
  • Iraupena: 85’
  • Zuzendaria: Ferit Karahan.

2022 09 07 zinemaldia Mi mejor amigo 2022

 

   'Mass'

Zorigaitz deskribaezin baten ondorioz bizitza suntsituta geratu eta urte batzuetara, lau lagunek bilera bat adostu eta hitz egitea erabakiko dute, aurrera egiten saiatzeko. Iaz Donostiako Zinemaldiko New Directors sailak aukeraturiko lanetariko bat izan zen. Sundance zinema-jaialdian estreinaturiko filmak, Gazteriaren Saria jaso zuen Donostian. Fran Kranz aktore estatubatuarrak, zuzendari eta gidoilari gisa egindako lehen lana da.

  • Irailak 17, zapatua, 19:00etan eta 22:15etan, jatorrizko bertsioan.
  • Irailak 18, domeka, 19:00etan.
  • Irailak 21, astelehena, 21:00etan.
  • Iraupena: 110’
  • Zuzendaria: Fran Kranz

2022 09 12 zinemaldia elgoibar ongarri Mass 2022 

   'París, distrito 13'
Parisko Les Olympiades auzora garamatza zuri beltzean errodaturiko filmak. Emilie, Camille, Nora eta Amberre, hiru neska eta mutil bat dira protagonistak eta haien harremanetan murgilduko gaitu filmak. Jacques Audiard zuzendari frantsesak, maitasunari, sexuari eta egonkortasunari buruzko gogoeta egin du hainbat belaunaldiren ikuspuntutik.
Zuzendariak filma Cannesen aurkeztu zuen eta Sevillako jaialdiak ere hartu zuen, besteak beste.

  • Irailak 22, eguena, 21:00etan.
  • Irailak 23, barikua, 19:00etan.
  • Iraupena: 105’
  • Zuzendaria: Jacques Audiard.

2022 09 12 zinemaldia elgoibar ongarri Paris distrito 13 

   Red rocket'
Mikey Saber, gain behera egin duen porno-izarra, bere jaioterrira itzuliko da, Texaseko hiri txiki batera, baina han inork ez du berriz ikusi nahi. Horrek zailtasunak ekarriko dizkio bizitza berria hasteko unean. Filma Donostiako zinemaldiko Perlak sailean ikusgai izan zen iaz. Perlak sailean, nazioarteko zinemaldietan arrakasta izandako lanak ikusteko aukera izaten da, eta Sean Baker zuzendariak Cannesen aurkeztutako lana hala iritsi zen Donostiara

  • Irailak 24, zapatua, 19:00etan eta 22:15etan, jatorrizko bertsioan.
  • Irailak 25, domeka, 19:00etan.
  • Irailak 26, astelehena, 21:00etan.
  • Iraupena: 130’
  • Zuzendaria: Sean Baker.

2022 09 12 zinemaldia elgoibar ongarri Red rocket

Testua: Leire Urkidi.