Egañatarrak nagusi Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2022ko ira. 13a, 12:00

Egañatarren sagak ehizarako duen trebezia agerian gelditu zen beste behin ere Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketan.

Ohi duten moduan, Arabako Zanbrana herrian dagoen ehiza barrutian jokatu zuten Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketa, domekan. Senior gizonezkoen mailan Arkaitz Egañak irabazi zuen, 9 eper ehizatuta. Jose Luis Ferreira eibartarra sailkatu zen bigarren, 6 eper ehizatuta, eta David Conde elgoibartarrak egin zuen hirugarren, bost eperrekin. Hortaz, La Union elkarteko bi ordezkari igo ziren podiumera. Emakumezkoetan Leire Egaña gailendu zen, bi eper ehizatuta. Eta, beteranoetan egañatarren sagako nagusiena, Arkaitz eta Leire neba-arreben aita izan zen irabazlea. Jose Mari Egañak ehizatu zituen bi eperrei esker lortu zuen lehen postua beteranoetan. Jose Luis Gisasola sailkatu zen bigarren postuan eta Mauro Gonzalez hirugarrengoan. Azkenik, junior mailan Urko Garcia izan zen onena, lau eper ehizatuta.

Aipaturiko ehiztari guztiek lortu dute Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea. Bailara bakoitzeko ehiztari onenek urriaren 2an jokatuko dute Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa Zanbranako “El Castillo” ehiza barrutian.

 

∞Lotura duten albisteak