Elgoibarko dultzaineroen taldeak 50 urte bete ditu aurten, eta atzo izan zuten urteurreneko ospakizun handia. Txomin Mujika, Aitor Nova eta Rikardo Gorriti ez ziren bakarrik egon atzokoan, eta urrezko ezteiak lagun artean ospatu zituzten Iruñeko, Bilboko, Arrasateko, Bergarako, Zangozako, Baigorriko eta Artaxoako dultzaineroekin, hain zuzen ere. Aitor Novak esan zuen moduan, Elgoibarko dultzaineroak ez dira munduko onenak, akaso bigarren onenak bai, baina puntualenak ba omen dira, eta 10:00etan puntuan hasi zuten ospakizuna. Hainbat taldetan banatuta, herriko kale eta auzoetan jo zuten diana. Ondoren, Iruñeko dultzaineroek kalejira egin zuten Udal musika bandarekin, eta 12:30ean kontzertua eskaini zuten denek batera Kalegoen plazan.
Herritar ugari bildu ziren, orain dela 50 urte inork imaginatuko ez lukeen kontzertuaz gozatzeko. Novak azaldu zuen garai hartan sinestezina zela banda eta dultzaina kontzertu berean batzea, eta hori posible izan bada, hein handi batean Txomin Mujikari esker izan dela esan zuen. Txomin Mujikak urteetan egindako lana goraipatu zuen Novak, eta eskerrak eman zizkion modu berezi horretan jotzeko piezak sortu eta moldaketa lanak egiteagatik. 50 urte betetzea ez duela edozein taldek lortzen esan zuen, eta Txomin Mujika, Ricardo Gorriti eta Victor Zubiaurre 'Balle' zoriondu zituen lorpen horrengatik, eta baita haien emazteak ere, hein batean haiek etxean egindako zaintza lanak ahalbidetu izan duelako dultzaineroen ibilbidea.Txomin Mujikak berak ere hartu zuen hitza ondoren, eta eskerrak emateaz gain, Novarekin "Loteriako Gordoa" tokatu zaiela esan zuen. Nova izan da Balleren ordezkoa dultzaineroen hirukotean, eta Elgoibarko dultzaineroen taldearentzat sekulako fitxajea izan dela adierazi zuen. Baina Txomin Mujikak Javier Lacunza nabarmendu zuen guztien gainetik, eta esan zuen beragatik izan ez balitz, atzoko egunean ez zela dultzainerorik egongo Kalegoen plazan. Lacunzak dultzainaren alde egindako lana goraipatu zuen Mujikak, eta eskerrak eman zizkion.
Denetariko piezak eskaini zituzten dultzaineroek txandaka eta bukaeran Gora Mauxitxa eta Polonesa jo zituzten denek batera. Ikusleek txalo zaparrada handia eskaini zieten.