"Emakumea Soraluzekoa zen, baina urteak zeramatzan kanpoan bizitzen. Elgoibarren eta Zarautzen ere bizi izan zen zenbait urtez. Gaur egun Benidormen bizi ziren, eta iturri ofizialen arabera, ez zegoen senarraren aurkako tratu txar salaketarik", dio Elgoibarko Udalak kaleratu duen gaitzespen oharrak.
Benidormeko Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarri du, eta elkarretaratze isila deitu du gaurko, hilak 27, 12:00etarako. Elgoibarko Udalak adierazi du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, eta egoera hori emakumeen eta "gizonen arteko desberdintasunean" sortzen dela azaldu du.
Elgoibarko Udalak gogora ekarri du azken tragedia honen aurrean "erakundeek, eta oro har, euskal gizarteak erantzukizuna dutela norbere herrian berdintasuna" lantzen segitzeko eta ildo horretan, "sentsibilizazioa eta prebentzioa" bultzatzeko ekimenak egiten segitu beharra azpimarratu du, batik bat, gazteei begira. Indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela ekarri du gogora.
• Elkarretaratzea, arratsaldean
Elgoibarko Udalak bat egin du gaitzespena adierazteko herriko mugimendu feministak egin duen elkarretaratzerako deiarekin. Kalegoen plazan izango da, gaur, irailak 27, 19:00etan.