Ainhoa Lendinezek bi kilometro bertikal irabazi ditu asteburuan, Ondarroan bata eta Canfrancen bestea

Barren.eus 2022ko ira. 27a, 14:27

Ainhoa Lendinezek Tontorramendira igoera bertikala irabazi zuen zapatuan, Ondarroan; eta, Canfranceko igoera bertikala domekan, Huescako Pirinioetan.

Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatutako Tontorramendira IX. igoera bertikala jokatu zuten zapatuan, irailaren 24an. Aitor Ajuria otxandioarra eta Ainhoa Lendinez elgoibartarra izan ziren azkarrenak 1,8 kilometroko ibilbidea osatzen. Ajuriak 15 minutuan egin zuen Ondarrutik Tontorramendi (386 m.) mendi gainera arteko igoera, eta 20 minutu eta 40 segundoan egin zuen igoera Lendinezek.

2022 09 24 tontorramendi km b ondarru ainhoa lendinez

2022 09 24 tontorramendi km bertikala ondarru podium lendinez

Garaipena lortzeaz gainera Ondarroako proba ondo etorri zitzaiola esan du Lendinezek hurrengo egunean jokatu zuen mendi lasterketarako, Canfranceko 9. igoera bertikalean lehiatzeko, alegia. 3.800 metroko ibilbidean 1.110 metroko desnibel positiboa gainditu behar zuten parte hartzaileek. Izaseko sakana gurutzatzen duen egurrezko zubiaren paretik irten, 1330 metrotako garaieratik, eta 2.440 metroko garaiera duen El Porte mendiaren gailurrera ailegatu behar zuten. Batez-besteko pendiza %28,9koa da proba honetan eta %40koa zenbait aldapatan.
Gizonezkoetan Antonio Alcalde gailendu zen, 44 minutu eta 16 segundoko denborarekin. Emakumezkoetan Morkaiko mendi taldea ordezkatu zuen Ainhoa Lendinezek egin zuen denbora onena: 59:50. Iaz proba honetan egin zuen marka bi minutuan ondu duela azaldu du Lendinezek eta pozik da. "Berianeko kilometro bertikalean sentsazio onak eduki nituen eta are hobeak joan den asteburuan. Hiruzpalau aste daramazkit burdina hartzen, anemiari aurre egiteko, eta nabari dut gero eta hobeto nagoela", azaldu du. Hueskako Pirinioetan jokatutako lasterketaz altuera handian jokatzen dela eta paisaia nabarmendu ditu. "Ia 2.500 metrotan dago El Porte mendiaren gailurra eta bista ikaragarriak ditu. Anayet, Midi d`Ossau, Aspe eta beste hainbat tontor ikusten dira gailurretik". Anbotoko kilometro bertikala du begiz jota Lendinezek, horixe du igoera bertikalen denboraldiko helburu nagusitzat. Zapatu honetan, urriaren 1ean, jokatuko dute probaren 13. edizioa izango dena.

2022 09 25 canfranc km b podium ainhoa lendinez