Mendaroko sarbideko zubia berritzeko aurreproiektua aurkeztu du Foru Aldundiak

Barren.eus 2022ko urr. 4a, 13:49

Ohiko azkerketa teknikoetan zubian atzeman dituzten patologiak konpontzeko berritu asmo dute Mendaroko sarbideko zubia eta aurreratu dute 1.368.499,42 euroko kostua izango dutela lanok.

Gaur goizean aurkeztu dute zubia berritzeko aurreproiektua Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Iñaki Arregi alkateak eta urtarrilean aterako dute lizitaziora proiektuaren idazketa. Proiektua idazteko lau bat hilabeteko tartea emanda, datorren urteko maiatza aldera hasiko lituzkete lanak eta sei hilabeteko epea izango lukete gero lanok gauzatzeko. Obrak iraun bitartean, erreil bakarra egongo da erabilgarri.

Deba ibaiaren bi aldeak lotzen ditu zubiak (60 metro luze da), ibaia eta trenbidea ditu azpian eta bertatik pasatzen dira ur-horniduraren hoditeria eta Euskaltel, Telefonica edo Iberdrola konpainien klabe-sareak, eta horrek zaildu egiten du obra, bai eta errepidea zabalik dagoela egin beharrak ere. "Baimen asko dira behar direnak eta aurreproiektuak beharrezko baimenen tramitazioan aurrera egiteko aukera ematen digu", zehaztu du Oiarbidek. Zubia zabaldu egingo dute, ertz bakoitzean metalezko (ebaketa altzairuzko) habe bana erantsita. Modu horretan espaloiak zabaldu egingo dituzte, 1,3 metrotik bi metrora, eta errepidea bera ere zabalagoa egingo dute. Metalezko habe horrek zubiaren bi ertzetan eutsiko da, baina hirugarren euskarri bat ere izango du erdian. Erdiko euskarri horretatik zubiaren ertz batera 40 metro izango dira, eta bestera, 20 metro. Oinezkoen pasabidea eta errepidea bereizteko babesa ere jarriko dute.
Iñaki Arregi alkateak esan du "apustu estrategikoa" dela, kontuan izanda zubi hori dela herrirako eta eskualdeko ospitalerako sarbide bakarra eta nabarmendu du "elkarlan estuan" jarraituko dutela lanean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Oiarbidek, bestalde, azpimarratu du Foru Aldundiak aurreproiektua aurkeztua duela Aizkoltxo paretik Mendarora sarbide berria eraikitzeko, baina bien bitartean "zubi zaharra baldintza onenetan" mantentzea tokatzen dela.

 • "Lehentasunezkotzat" jotzen duen obraren berri prentsaren bidez enteratu izana salatu du EHBilduk
Aurreproiektuaren berri emateko agerraldia "hauteskundeei begira herritarren iritzia manipulatzeko asmo hutsez egindakoa" dela zabaldu du EHBilduk. Ospitalerako beste bide bat egitea ondo ikusi arren, zubi zaharraren egoera aztertzea eta hura sendotzea eta zabaltzea lehentasunez egin beharreko proiektua dela jaso izan du EHBilduk agintaldian zehar, bai eta LAIA aldizkariaren orain arteko hiru zenbakietan ere, baina idatzian salatu dute Foru Aldundian ez dietela horretarako "premia handirik erakutsi". "Gauza bat argi geratzen bada kontu honekin guztiarekin zera da: hauteskunde kanpaina betean gaudela eta PNVren Diputazioa herriz-herri PNVren hautagaitzen aldeko kanpainan sartuta dabilela disimulo handirik gabe". Era berean, gai honen inguruan salatu dute ez dutela aurreproiektuaren inguruan informaziorik jaso, "askotan eskatu arren". Aurkezpenera prentsa bakarrik deitu izana ere gaitzetsi dute. "Prentsaren bidez jakin beharko dugu, beraz, berriz ere, beraiek diotenez gardentasunean txapeldunek, herritarroi eskaini nahi digutena. Dena herriarentzat, baina herririk gabe".