Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak Elgoibar Sasoian programaren balorazioa egin dute ikasturte berriaren atarian. Hiru arlotan banatuta dago egitasmoa eta bakoitzaren balorazioa egin dute:
• Ahalduntze pertsonala
Azken ikasturtean bi taldetan banatu zituzten parte hartzaileak eta astero saio bat egin zuten, Unai Arrietaren gidaritzapean. Hala, urtarriletik ekainera bitartean hogei saio jaso zituen talde bakoitzak. Bataz beste 22 lagunek parte hartu zuten saioko, denak 60 urtetik gorakoak, %85a emakumeak eta %15a gizonezkoak. Parte hartzea "oso aktiboa" izan zela nabarmemndu dute arduradunek, eta elkarren arteko harreman sozialak asko indartu zirela. Landu zituzten gaiak askotarikoak izan ziren: zer da ongi zahartzea, gure balioen arabera zahartu, ongi zahartzeko gaitasunak, zaindu gorputza, arreta osoz bizi, zailtasunei aurre-eman eta harreman osasuntsuak landu, besteak beste.
• Orientazio zerbitzua
Martxoan jarri zuten berriro martxan orientazio zerbitzua, osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ostean. Martxotik irailera bitartean 50 bat elgoibartarrek jo dute zerbitzura, bizimodu aktiboagoa izateko aholku bila. Zerbitzu honen helburua da sedentarismoari kirolaren eta jarduera fisikoaren bitartez aurre egitea, eta adin guztietako elgoibartarrei dago zuzendua. Aurreko ikasturtean, 40 eta 85 urte bitarteko herritarrek erabili zuten (37 emakumek eta 13 gizonek). Adinari erreparatuz gero, 40 eta 55 urte bitarteko 13 herritarrek jaso zuten aholkua, 56 eta 70 urte bitarteko 26k, eta 71tik 85 urte bitarteko 11k. Udal Kirol Patronatuko Kirol Koordinatzailea den Argiñe Gabilondo da zerbitzuko arduraduna, eta osasuna hobetzeko aholkuak ematen dizkie herritarrei, herrian dituen baliabideak erabiliz. "Hau da, erabiltzailearen egoera zein den ezagutu eta aztertu ondoren, bizitza aktiboagoa izateko aholkuak eskaintzen dizkio". Zerbitzua doakoa da eta jarduera fisikorik egiten ez duten edo beraien ohiturak aldatzea nahi duten elgoibartarrak hurbildu daitezke bertara. Zerbitzua jasotzeko aurretiko zita Olaizaga Kiroldegiko Harreran, telefonoz (943 744 415) edo emailez olaizagaharrera@hotmail.es eskatu daiteke.
• Jarduera fisikoa
Peru Ulaziak eta Elena Rodriguezek zuzentzen dituzte Mintxetan eta Olaizaga Kiroldegian egiten dituztenn saioak. Sei talde desberdin daude eta bakoitzak astean hiru saio izaten ditu parte hartzaileen gaitasun fisikoak mantentzeko eta garatzeko helburuarekin. Aldi berean, onura psikologikoak ere lortzen dituzte jarduera fisikoaren bitartez. Guztira 114 lagun ari dira parte hartzen (emakumezkoak %80a eta gizonezkoak %20a), denak 60 urte baino gehiagokoak.
Programa honetan parte hartu nahi dutenek Olaizaga Kiroldegian eman behar dute izena. 60 urtetik gorako elgoibartarrek parte hartu ahal izango dute, Kiroletako Udal Patronatuan abonatuta badaude.