Miren Itziar Iriondo: “Beldurrez, isiltzeko joera izan du jende askok, baina gure aitak gertatutakoa jakin zedin nahi zuen”

Barren.eus 2022ko urr. 7a, 12:28

Aita, Patxi Iriondo Aranberri, abertzalea zuen Miren Itziar Iriondok (Mendaro, 1924), eta 36ko gerran, matxinatuek Mendaro hartu aurretxoan, errepublikarren kontrolpeko lurretan aurrera egin zuen, inguruotako beste gizon askoren antzera. Horixe izan zuten faxistek haren emazte Gregoria Barrenetxea Areta eta lau seme-alabak [Imanol, Andoni, Miren Itziar eta Jel] deserrira kondenatzeko arrazoia. 38 urte zituen Gregoriak, 14, 12, 10 eta 8 urteko haurrekin kanporatu zutenean. Gaur familia haren historia lazgarria ekarri dugu hona, haren alaba Miren Itziarren hitzetan.

Irailaren 27an Elgoibar1936 taldeak Olasoko hilerrian omendu zituen familietako bat da harena, eta omenaldi-egunean egindako elkarrizketa duzue hau. Aitari ikasia du memoria egitea garrantzitsua dela eta argi eta ahoan bilorik gabe kontatu du bizitakotik oroitzen duena.

 • Miren, zein izan zen zuen aita?
Francisco Iriondo Aranberri zen gure aita, Patxi, erbestean Elgoibarko alkate izendatu zutena, frankistek kanporatutakoei laguntzen ibili zena gerran, abertzalea, hezur-muinerano abertzalea. Mendaroko irin-fabrikan lan egiten zuen, komertzial, eta inguruko herrietako okin denak ezagutzen zituen. Patxiko esaten zioten. Gizon ondradua zen. Faxistak Mendaron sartu baino egun batzuk aurretik irten zen etxetik [1936ko irailaren 21ean sartu ziren]. Guri esan zigun ezin zuela etxera itzuli muga jarri zutelako, baina ni seguru nago beldurrez egin zuela alde aitak etxetik. Ihes egin ez balu, hilko zuketen faxistek, beste asko hil zituzten moduan. Beste gauza bat ere izan zen gure aita: memoria egitekoa. Gure aitak dena kontatu izan zigun gerora, eta etxe gutxitan gertatu da hori. Beldurrez isiltzeko joera izan du eta du oraindik ere jende askok, baina gure aitak gertatutakoa jakin zedin nahi zuen. Mendaroarra zen gure aita eta Mendaro herri bihurtzeko ere ibili zen lanean. Elgoibarko Udalak kendu baino ez zigula egiten esaten zuen: 'Kendu eta kendu, eta urtean behin musikariak bidali!. Hori bai, gerora, Bilbon bizi ginela, dirua ere jarri zuen Elgoibarren ikastola sor zezaten. Gustatuko litzaidake gure aitaren paperak edukitzea gaur, baina gure amak bota zituen denak. Gaur besteko baliorik ez zitzaion ematen halakoei orduan eta batera eta bestera ere ezin ibili haiekin, beldurra ere barruraino sartuta geneukalako.

 • "Hezur-muinerako abertzalea" hortaz. Seme-alabei jarri nahi izan zien izenengatik ere sufritu ei zuen.
Bai. Gure neba gazteena bataiatzeko eguna iritsi zenean, abadeak beste izen bat jartzeko proposatu zion gure aitari. 'Ipini iezaiozu beste izen bat, Jose edo...', esan zion, eta gure aitak ezetz, Jel nahi zuela [Jainkoa eta lege zaharraren laburdura] eta mehatxu ere egin zion: bataiatzeko izen horrekin edo bazihoala bera etxera umeak hartuta, bataiatu ezaren erantzule abadea bera eginda. Garbi zeukan ez ziola semeari erdal ordaina zuen izenik emango, Imanol bataiatzera joan eta Manuel jarri behar izan ziolako zaharrenari, Miren Itziar jarri nahi niri eta Maria Iciar izenez erregistratu behar izan nindutelako, eta Andoni jarri nahi eta Antonio jarri behar izan ziotelako beste nebari.

2022 10 07 miren itziar iriondo elkarrizketa arg zaharra BARREN

 • Gogoratzen duzu faxistak Mendaron sartu ziren eguna?
12 urte nituen nik, eta bai, akordatzen naiz. Ez nintzen beste batzuek moduan ikustera joan; hori ez. Guk beldurra geneukan demasa. Akordatzen naiz sartu zirenean Atotxan azkeneko Aberri Egun batean Andoni nebak eta biok erabili genituen dantzari arropak ere txiki-txiki egin eta ibaira bota genituela; baita buruko zapi zuria ere! Eta akordatzen naiz gure gainean bizi izan zen errotariaren semea, Jesus Rekadi, nola etorri zen bisitan etxera, rekete jantzita. Gizon askok beldurrez alde egin zutela esan genion guk hari eta gogoan daukat hark zer erantzun zigun: Nosotros no hacemos nada, pero los que vienen por detrás sí. Gure amak zelako beldurra pasatu ote zuen! Lau neba-arreba ginen gu, bigarrena ni, eta estazioko etxeetan bizi ginen, lau solairuko etxe batean. Eraikin berean, bizi ziren gure izeko Juana eta Luisa ere, etxe banatan. Tropa frankistak iritsi zirenean bando halako bat jo zuten, euretako kargudunak etxeetan hartu behar genituela esanez, eta gure etxera ere ekarri zuten komandate bat edo. Gure aitxitxak, amaren aitak, ez zion traza onik hartzen hari, beldurra ere tamainakoa geneukan, eta gauetan gure etxera etortzen hasi zen lotara. Badakizu, edozer egiten zieten emakume gazteei eta... Gure aita saltzailea zela eta gerrak etxetik kanpora harrapatu zuela esan zion gure amak komandanteari, etxera itzuli ezinda zegoela, eta gizonak orduan: "Pues dinos dónde está!". Jakin ere ez genekien garbi non zegoen, baina jakinda ere esango geniolakoan! Baita zera ere! Espainiako banderaren koloreko botoi bat jantzita ibili behar izan ginen gu, eta galdera hari erantzun ez genionez zigorra jarri ziguten: Bilbora edo etxetik 400 kilometrora alde egitera derrigortu gintuzten.

 • Nola oroitzen duzu etxea uzteko eguna? Zer bide hartu zenuten?
Maletarik-eta ez geneukan guk, eta hartu genuen makila luze bat, jarri genion zapi zuri bat puntan erruki izan zitezen, frontea Elgoibarren zegoelako, eta abiatu ginen, beste trapu banatan hutsa hartuta [1937ko otsailaren 15a zen]. Elgoibarrera ez dakit nola joan ginen, baina Elgoibartik Maltzagara oinez joan ginen, trenbidetik. Euzkadi egunkarian argitaratzen zituzten orduan kanporatuen izenak eta gure aitak irakurri zituenean gure izenak egunkarian, Eibarren bizi zuen anaia bidali zuen gure bila Maltzagara. Eibarko ospitalera eraman gintuen osabak. Ez genuen, baina, han denbora luzerik egin. Aita etorri zitzagun hara gero, batek daki nola eta nondik, Negurin laga zioten txalet handi batera eramateko. Gure amama inude egondako etxea zen, aberats batzuena. Gorrien beldur ziren haiek eta etxea gorriek hartu aurretik nahiago izan zuten gure aitari laga, abertzaleei baino beldur handiagoa zietelako besteei. Elgoibarko Angelita Azkue eta gizona ere hantxe egon ziren gurekin, eta ondoko txalet batean egon ziren Mendaroko Turbineneko Manuel Iriondoren emazte Josefa Mugertza eta hilabete gutxiko haien alaba Libe Iriondo.

Noiz arte egon zineten etxe hartan?
[Faxistek Bilbo hartu baino egun batzuk aurretik, Santurtziko portuan atrakatutako Habana itsasontzia errekisatu zuen euskal gobernuak ebakuazio masiborako]. Geu ere sartu ginen ontzian, ama eta lau neba-arrebok. Frantziara eraman gintuzten, Pauillacera [Sei ebakuazio bidai egin zituen Habanak Santurtzitik. Arroxelera (Frantzia) bat, Southampton-era beste bat (Erresuma Batua), eta gainerako laurak Pauillacera (Frantzia)]. Akordatzen naiz egun horretan jateko goxoa geneukala etxean afaltzeko eta hura jan ezinaren penaz itsasoratu nintzela. Frantzian, euskal gobernuak zeukan aterpetxe batean egon ginen. Nik ez dakit zer dirurekin bizi izan ginen gu, gure amari inork ez ziolako lanik eman, Bigarren Mundu Gerra hasi zen arte [1939. urtea]. Dena den, aterpetxe hura itxi zutenean Saint- Jean-Pied-de-Portera eraman gintuzten. Handik banatzen gintuzten gero hara eta hona umeak. Baina gu iritsi ginenerako ez dakit ba nik banatuta zituzten gainerako umeak edo zer. Kontua da gu, lau neba-arrebok eta lehengusu bi, Elezar eta Nerea Lonbide Barrenetxea [Mendarotik Juana Barrenetxea Areta amarekin batera kanporatu zituztenetako beste bi, Sabino Lonbideren seme-alabak] Belgikara eraman gintuztela. Xeber, lonbidetar lehengusuetan txikienak, 2 urte-edo izango zituen eta hura amarekin geldituko zen- edo Frantzian, tia Juanarekin. Paquita Mardaresek eraman gintuen Bruselara, gaur nire koinata den Bakarneren amak, eta han orduan bere mutil-laguna zuen Juan Urbistazurekin batu ginen. Euskal gobernuarentzat lan egiten zuen Urbistazuk, bai eta Pakita Mardarasek ere, gurekin batera Mendarotik kanporatu zutenak. Eusko Jaurlaritzako Jesus Luisa Esnaolaren idazkaria izan zen gerra denboran Pakita. Belgikara iritsi ginenerako Juanek topatuta zeukan guretzako aterpea. Bruselako salesianoetan sartu zuten neba Imanol; ni, Amberes ondoko herri txiki bateko kolegio frantses batera bidali ninduten eta Andoni eta Jel neba gazteenak, Wilderrera, etxe banatara. Nire kolegiora flamenkoak etortzen ziren frantses ikastera. Denbora tarte laburrean egin genituen horrek bueltok, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean etortzeko eskatu zigutelako aitak eta amak.

 

2022 10 07 miren itziar iriondo elkarrizketa BARREN omenaldikoa

2022 10 07 miren itziar iriondo larrosagaz BARREN