Hamahiru lasterketeta eduki ditu 2022ko Skyrunners World Series Munduko Kopak, eta Gorbeia Suzien izan da azkenekoa. 33 kilometroko mendiko lasterketa da, 2.500eko desnibel positiboarekin. Aurrez jokatutako hamabi lasterketen puntu bikoitzak zeuden jokoan gaur Gorbeian, eta hortaz, final modukoa zen. Gainera, orain arte jokatutako probetan puntu gehien batu dituzten 40 korrikalariek bakarrik har zezaketen parte, zozketa bidez dortsala eskuratu ahal izango duten beste batzuekin batera.
Maite Maiora sailkapen nagusiko laugarren postuan ailegatu da azken lasterketara, 270 puntu pilatuta, emaitzarik onenak lortu dituen lau probei esker: Hochkonig Skyrace, Minotaur Skyrace, Comapedrosa eta Pirin Extreme. Mendaroarra bederatzigarren postuan sailkatu da gaurkoan, baina jaso dituen puntuei esker postu bat aurreratu ahal izan du sailkapen nagusian, eta podiumean bukatu du Munduko Kopa, hirugarren postuan.
Emakumezkoetan Noemie Vachon (3:49:37) frantziarra izan da azkarrena Gorbeia Suzien lasterketan. Igorreko korrikalari Onditz Iturbe (3:49:53) sailkatu da bigarren eta Lindsay Webster (3:51:26) antxitxikari kanadarra hirugarren. Hain justu, Webster da Munduko Kopako txapelduna, gaur pilatu dituen puntuei esker. Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra iritsi da sailkapen nagusiko lidergoan azken probara, baina zortzigarren egin du gaur, Maiora baino postu bat aurrerago, eta ez da nahikoa izan lehen postuari eusteko. Txapeldunorde geratu da abadiñarra, iaz moduan.
1. Lindsay Webster 465 puntu
2. Oihana Azkorbebeitia 406 puntu
3. Maite Maiora 350 puntu
Nico Molina andaluziarra (3:08:26) gailendu da gizonezkoetan eta lortutako puntuekin azken sailkapeneko garaipena ere ziurtatu du. (Gorbeia Suzien lasterketaren emanaldia hemen ikus dezakezue)
•Eneko Etxaniz podiumean
Eneko Etxaniz gazte elgoibartarrak ere hartu du parte Gorbeia Suzien proban eta podiumera igotea lortu du, txapeldunorde izan baita junior kategorian.
∞Lotura duten albisteak: