Mankomunitateak Debabarrenean zerbitzua emateko erabiltzen dituen ibilgailuen gas isuriak neurtu zituen 2021ean, eta datuak aztertu ondoren, ibilgailuok isurtzen dituzten gas kutsatzaileak murrizteko Ekintza Plan bat diseinatu zuen. Ekintza Plan horren baitan erosi dituzte aurten bi ibilgailu elektriko, joan den maiatzean aurrenekoa, eta bigarrena orain.
Mankomunitatetik adierazi dutenez, hainbat lan lerro abiarazi ditu azken urteotan Debabarrena jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izan dadin. Bide horretan, lehentasunetako bat da zerbitzuetan trantsizio energetikoa indartzea, kutsadura murriztuko duten politika berdeak sustatzeko.
• Ibilgailu berriaren ezaugarriak
Goupil markako G4 L ibilgailua da Mankomunitatearen ibilgailu elektriko berria. Ehuneko ehunean elektrikoa da eta hainbat lanetarako balio du, integratuta dituen bi kutxei esker: batetik, paperontziak, zaborra e.a. biltzeko kutxa irekia dauka, eta baita kale garbiketarako hidrogarbigailu gisa aritzeko ekipamendua ere (130 bareko presiodun ur-ponpa batekin eta 200 litroko ur-biltegiarekin); bestetik, gaikako paperontziak biltzek konpartimendu askotariko kutxa ere badu, lau atalez osatua: papera eta kartoia, ontziak, gainerakoa eta organikoa jasotzeko.