Propio aukeratu zuten eguna, itsasbehera goizetik izan zelako domekan, eta marea biziak ere bazirenez, ikusgarriago topatuko zutelako ingurua. Gidari berezi bat ere izan dute azkeneko irteera honetan: Nahiara Mugertza biologoa. Haren laguntzaz behatu zituzten Sakonetan, metro gutxitako tartean, topa ditzakegun bi ekosistemak: mareartekoa eta itsaslabarretakoa, eta ekosistema horietako baldintza gogorretan biziraun duten animaliak eta landareak ikusteko aukera ere izan zuten. Errotaberritik oinez egin zuten Sakonetara arteko bidea eta handik Urberuraino igo ziren, eguraldi ederra lagun zutela.