Martitzenean egin zuten prentsaurrekoan azaldu zituzten deialdi honen arrazoiak, eta herritarrei dei egin zieten mobilizazioetan parte hartzera. Plataformako kideek 2010era arteko Elgoibarko anbulatorioak zeukan zerbitzua berreskuratu nahi dute, hau da, anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz irekitzea. 2010etik izandako murrizketen berri eman zuten: "Asteburuetako larrialdi zerbitzua kendu zuten lehenik, eta gero anbulatorioa 20:00etan ixten hasi ziren. Pandemia iritsi zenean, 17:00etara aurreratu zuten itxiera ordua, behin-behineko neurria zela esanez, baina gezurra zen, berdin jarraitzen dugu".
Gogoratu zuten 5.501 sinadura batu zituztela anbulatorioko larrialdi zerbitzua berreskuratzearen alde, eta Legebiltzarrean aurkeztu zituztenetik zazpi hilabete pasa ostean, erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu zuten. Egoera honetan, IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Elgoibarrerako anbulatorio berria iragarri izana ere salatu zuten, esanez, anbulatorioa zabalik nahi dutela.